Ganberaren berrikuntza saria Lacturalerendako

Guaixe 2011ko azaroaren 16a

Abenduaren 14an Nafarroako Ganberak bere urteroko sariak banatuko ditu. Horietako bat, berrikuntzarena, Lacturalek eskuratuko du, "enpresaren kudeaketa arlo guztietan berrikuntza aplikatzeagatik, batez ere ekoizpenean eta komertzializazioan". Nafarroako Ganberak nabarmendu du Lacturale dela ekoizpen integratuko esnea merkaturatzen duen estatuko enpresa bakarra, aitzindaria. Ganberak azpimarratu duenez, "ekoizpen sistema hori ingurumen aldetik jasangarriagoa da, baina aldi berean errentagarria". Ganberak aurreratu duenez, Lacturale kudeaketa programa integratua ezarri du. Horren bidez prozesu guztiak hasieratik bukaerara kontrolatuko ditu. Orain web bat garatzen ari da kontsumitzaileek etxetik esku artean duten esne litroari buruzko informazio guztia jaso dezaten. DatuakLacteos Belate S.A.T 2006.urte hasieran sortu zen. Lacturale esnea 21 ustiapenetan ekoizten da. Horietako lau sakandarrak dira:  Egiarreta (SAT Lazkoz, Lorenzo Lazkoz), Etxeberri (SAT Etxeberri, Juanma Garro), Etxarren (SAT Kitxulabe, Patxi Irurtia) eta Lizarragabengokoak (SAT Minueta, Mikel Azpiroz). 80 pertsonek lan egiten dute ustiapenetan eta 18 kontratatuak dituzte. Lacturalek iaz 11,5 milioi euro fakturatu zituen eta aurtengo aurreikuspena 13,4 milioi eurora iristea da. 20.000 bisitariEsne integratuaren interpretazio zentroa martxoan mustu zen eta bisitari kopuru hori har dezake urtea despeditzerako.