Tartalariei agintearen kontrako atentatua leporatu diete

Guaixe 2011ko azaroaren 17a

Espainiako Auzitegi Nazionalean izan ziren atzokoan Yolanda Barcina Angulori tarta bota zioten hiruak. Haietako bat da Gorka Ovejero Ganboa arbazuarra. Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako Mugitu! desobedientzia mugimenduko hiru kideak Santiago Pedraz epailearen aurrean deklaratzeari uko egin zioten, "Okzitaniako Tolosan gertaturiko ekintza bat epaitzeko Esapinaiko estatuari ez baitiogu aitortzen". Fiskaltzak hirurei agintearen aurkako delitua leporatu die, hau da 4 eta 6 urte arteko espetxe zigor eskaera. Arbazuarraren kasuan fiskalak "astungarri" ikusi du Arruazuko alkate orde izatea eta horretaz baliatzea Tolosako parlamentuan sartzeko. Horregatik Ovejerorendako zigor eskaera 9 urte artekoa da.Fiskaltzak ere delituaren "larritasuna" kontuan izanda badaezpadako neurriak eskatu ditu, Pedrazek bere osotasunean onartu dituenak. Beraz, hiru tartalariek astero epaitegian sinatzera joan beharko dute, pasaportea eman behar izan dute, ezin izanen dute estatutik atera eta etxeko helbidea eta telefono zenbakia etengabe jakinarazi beharko dute. Nafarroako presidentearen abokatuak eskaerekin bat egin du. Fiskaltzak, bestalde, epaiketarako izapidea hasteko prozedura laburra eskatu du. Hiru tartalarien abokatuak, badaezpadako neurriei helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du, baita prozedura laburrari ere, "oraindik ere egin beharreko dilijentzia ugari baitago, esaterako, Okzitaniako Tolosan zabalduriko dilijentzien berri jakitea". Mugitu!-ko hiru kideak Frantzian ere deklaratzera deitu dituzte. Han, falta delitu bati egiten diote aurre. KonpromisoaEspainiako Auzitegi Nazionaletik ateratzean, tartalariek AHTren aurkako konpromisoa berretsi zuten eta desobedientzia zibilaren aldeko aldarria egin zuten. Epaitegi horren salbuespeneko izaera salatu zuteneta Estatuko edozein disidentzia politikoaren errepresio tresna ere bihurtzen ari dela nabarmendu zuten. Espainiako Auzitegi Nazionalaren zilegitasuna ere ukatu zuten, epaia zabaltzeko erabili zuten Botere Judizialeko Lege Organikoaren artikulua ez baita aplikagarria kasu horetan. Eta horregatik, Tolosara deklaratzera joateko prestutasuna agertu zuten.