Santa Zezilia egunean musikariak kalera

Guaixe 2011ko azaroaren 18a

Asteartean Santa Zezilia eguna da, musikarien zaindariaren eguna. Sakandarren aste osora zabalduko dituzte ospakizunak. Burundako txistulariek emanen diote hasiera ospakizun kateari. Gaur, 19:30ean kalejiran aterako dira Altsasun barna, Iortia kultur gunetik aterata. Ondoren, afaria eginen dute Urdiainen. Santa Zezilia egunak, asteartean, Altsasuko eta Etxarriko udal musika eskoletako ikasleen kontzertuak ekarriko ditu. Altsasuko ikasleek 18:45ean joko dute, musika eskolako entzunaldi gelan. Musika tresna ezberdinak entzuteko parada izanen da. Etxarrin, berriz, 19:30etan dute hitzordua, kultur etxean. Kontzertuaren amaieran, musika eskolako lehenengo eta bigarren zikloko ikasleek diplomak jasoko dituzte. Erkudengo Ama abesbatzak ere, dagokion egunean, asteartean ospatuko du Santa Zezilia eguna. Altsasuarrak 20:00etan bilduko dira Iortia plazan, eta musikarien zaindariaren omenez abestuko dute Zumalakarregi plaza, San Juan inguruan eta alde zaharrean. 4-5 geldialdi egin ondoren, herriko plazan amaituko dute. Mahaiaren inguruan agurtuko dute eguna. Etxarri Aranazko abesbatzak eta Haize Berriak bandak asteburura atzeratu dute ospakizuna. Etxarriarrek taldean ospatuko dute zaindariaren eguna. Azaroaren 24an, ostiralero bezala, ensaioa izanen dute. Ohi baino lehenago izanen da, ondoren afari gozoa egiteko. Afalostean abestiak ez dira faltako. Azkenik, Haize Berriak bandak, Sakanako banda izanik, inoiz izan ez diren bailarako herriak bisitatzea erabaki du. Aurten Iturmendi, Bakaiku eta Lizarraga aukeratu dituzte. Azaroaren 27an, igande goizean kalejirak eskainiko dituzte hiru herrietan. Bertakoak kalera ateratzera animatu dituzte. Ondoren, bazkaria eginen dugu Etxarrin. Datorren urtean Arakil aldera jotzeko asmoa azaldu dute.