Mirri marrau, amak hil nau

Guaixe 2011ko azaroaren 18a

Gu gizakiok hil eta denborarekin, ahaztuak izango gara. Letek kantatzen zuen izarren hauts bizigai bilakatua hilgai eta ahanzgarria ere bada. Ordea, Arruazuko seme baina Urdiango aita On Jose Maria Satrustegi zenaren kasua ez da halakoa. Bere oroitzapena oraindik bizirik dago gure artean. Eta berak utzitako bizi arrasto ezilkor baten inguruan hitz egin nahi dizuet gaurkoan. Satrustegik 1965ean Urdiaingo eskoletan antolatu zuen idazlan lehiaketan ipuin baten bi aldaera jaso zituen Egiptoko Isi eta Osiri jainkoen mitoa burura ekarri ziotenak. Bertsio bat Encarnacion Zelaiak idatzi zuen eta besteak Antonino Goikoetxeak. Orduko idazle gazte horiek, oraintxe, 60 urte inguru izango dituzte eta, agian, Guaixe aldizkariaren irakurleak izango dira. Umeak zirenean idatzi zutena guztiz ile-lazgarria iruditu zitzaion euskaltzain osoari. Grimm anaien ipuin batekin erlazionatu zuen, bai eta Luzaiden, Baztanen eta, kantatzen den doinu batekin ere. Euskalerriaren Yakintza liburuan, Aita Donostiaren lanetan, Uztarrozko Fidela Bernaten Koldo Artolarekiko elkarrizketetan eta, berriki, Arizkungo Begoña Durrutyren ipuinetan kantaita horren hitzak entzun ditzakegu: Mirri Marrau. Urdiaingo idazlanetan aipatzen da, zehaztasun guztiekin, nola labeko egiten hasia zen ama batek (amona batek, horietako batean) seme-alabak basora bidali zituen egurrak ekartzera esanez lehenbizi etortzen zenari opil puska handi bat emango ziola. Mutikia izan zen lehenbiziko ailegatu zena, eta amari esan zion ataria zabaltzeko, baina bere ama gaiztoak eskatu zion eskua atari zulotik sartzeko; hori egin eta, di-da, aizkora batekin semearen eskua eskumuturretik moztu zuen. Era honetan, bizirik zegoelarik, puskatan egin, pertzara bota eta egosten paratu zuen. Alaba etorri zenean galde egin zion ea non zegoen bere anaia, eta ama gaiztoak aminaren etxean egongo zela esan zion. Amona guztien etxeetan izan zen, izekoen etxeetan ere bai, baina ez zuen inon ere anaia aurkitu. Halako batean nesakia konturatu zen kalderan anaiaren behatz puntak ikusten zirela eta orduan amak onartu behar izan zuen baietz, pertzean zegoela, baina zerbait esaten bazion aitari, hura bera ere bukatuko zela pusketan pertzean. Beldurrez beterik egin zuen amak eskatu bezala eta soroan lanean zegoen aitari eraman zion bazkaria, anaiaren gorputz zatiekin egindako lapikoko lazgarria. Aitak, ezer ere ez zekienez gero, goxo-goxo jan eta garbi-garbi utzi zituen semearen hezurrak. Alabak jaso zituen hezur horiek eta etxera eraman ere bai. Igo zen teilatura eta hantxe paratu zituen mutikiaren hezurrak haren irudia osatuz; azkeneko hezurra paratzean anaia berpiztu eta hasi zen kantaitan: "Amak il nau,aitak jan nau,Poxpolin txuri,arrebak piztu nau!" Juankar Lopez-Mugartza