Ezabatu, eta euskaraz bizi!

Guaixe 2011ko azaroaren 18a

Dei hori egin du Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzaleak egun hauetarako, nahiz eta deia urte guztirako baliagarria dela nabarmendu duen. EHEko kideen iritziz, "Euskal Herriko paisaia linguistikoak erabat arrotza izaten jarraitzen du" eta ezabaketen bidez "herri euskaldunak bizi duen zapalkuntzaren mugak azaleratu, hizkuntza paisaia irauli eta berau kolorez zipriztintzeko" deia egin du. Izan ere, euskaltzaleen iritziz, "Euskal Herrian gaude, euskaldunak gara eta eskubidea dugu joaten garen lekuetan euskaraz aritzeko".Ezabatu eta euskaraz bizi ekimenaren testu-ingurua ere aztertu du EHEk. Batetik, euskaltzaleen ustez "gatazka politikoarekin batera kokatu behar dugu, ezinbestez, herri hau menperatzeko aspaldi abiatutako asimilazio prozesua". Horren barruan hizkuntza gatazka kokatzen dute euskaltzaleek. "Prozesu honek euskarari, euskaldunari eta herri euskaldunari emandakoa eta kendutakoa aztertu behar dugu Euskal Herriaren konponbideaz hitz egiteko garaian". Aldi berean, adierazi duenez, "asimilazio prozesua gelditzean jarri beharko dugu lehentasuna". Hauteskundeak bestetik. "Espainiako Gorteetatik datoz herri euskalduna ukatzen zein euskaldunon eskubideon aurkako hizkuntza politika menderatzaileak onartzen dituzten erabakiak". EHEren iritziz euskarari eman behar zaio lehentasuna, "egoera iraultzeko bertatik bertara adostu eta sortutako hizkuntza-politika burujabea behar dugula aldarrikatu behar dugu". Gizarteari euskaraz bizitzeko hautua egiteko deia egin dio. SakananEHEk sakandarrak ekimen horrekin bat egitera deitu ditu. Hala, eragile euskaltzaleak ibarreko makina bat herritan pegatina handi batzuk dituzten kutxak banatu dituzte. Sakandarrak hizkuntza paisaian dauden "eskubide urraketak salatzeko pegatinak erabiltzera" deitu dituzte. Bestela ere, EHE-ren ikurra ahalik eta toki gehienetan marrazteko eskatu du, "euskaraz bizitzeko bidea egiteko prest gaudela adierazteko".Horretaz gain, gaur, 19:00etatik aurrera Altsasun ezabaketa kalejira bat eginen du EHEk. Bihar, berriz, Etxarri Aranatzen mendi martxa bat eginen dute. 10:00etan jarri dute hitzordua plazan.