Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Abesbatzen Federazioak hiru urrezko domina banatu zituen ostiralean. Bakaikuko Lorenzo Ondarrak, Berako Jose Mari Goikoetxeak eta Galipentzuko Pedro Javier Sagüesek jaso zuten omenezko izendapena. Hirurek ezaugarri komunak dituzte: "erlijio gizonak dira, bakarlari onak dira, musika herrikoia biltzen eta moldatzen lan handia egin dute eta abesbatzekin lotura estua izan dute". Abesbatzen elkarteak hiru nafarrek "musika koralari eskainitako ahalegina, denbora eta lana" eskertu zuen. Esker hitzek urrezko domina forma hartu zuten ostiralean. Lorenzo Ondarra bakaikuarra ospitalean zegoen eta Alfonso Ondarra anaiak hartu zuen domina, haren izenean. Omenaldi-ekitaldia ixteko, Ondarraren, Goikoetxearen eta Sagüesen omenezko aurreskua etorri zen, Etxarri Aranazko abesbatzak abestutako Agurraren erritmora dantzatuta.Abesbatzekin lotura estua izan duten hiru nafarren omenaldian leku berezia izan zuten koruek. Loiola eskolaniako ikasle ohien abesbatzak, Agoizko San Migel Txiki abesbatzak, Liguri koruak eta Etxarri Aranazko abesbatzak parte hartu zuten. Ondarraren, Goikoetxearen eta Sagüesen obrei bizia emanez, kantuz omendu zituzten hiru nafarrak.