Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako hedabideetako ordezkariak, tartean Bierrik fundazioko Ainhoa Urretagoiena Arruabarrena, eta Topaguneako, euskarazko elkarteen federazioko ordezkari Oskar Zapata ostiralean Euskarabideako buruarekin egon ziren. Aurtengo diru-laguntzaren bigarren ordainketaren zati bat ez zuela emanen eta hori argitzera joan ziren. Maximino Gomezek ohartarazi zienez, hedabideei zor zaien diru-laguntzaren bigarren zati hori agian bere osotasunean eman gabe geldi liteke. Euskarabideako buruak aurreratu zien behar bada hurrengo urteetan hedabideetarako diru-laguntza deialdiri ez dela izanen. Topagunearen ordezkaritza bat abenduaren 16an Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza batzordean izanen da. NaBai, Bildu eta I-E gonbidatuta, Nafarroako euskarazko hedabideen berri emanen dute. Eragina SakananGuaixe astekaria eta Beleixe irratia kudeatzen dituen Bierrik fundazioarendako aurreikusitako diru sarrera zen Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza. Euskarabideak oso-osorik edo zati bat ordaindu gabe uzten baditu, zuloarekin bukatuko du urtea fundazioak. Urretagoiena kudeatzaileak esan duenez, "urte bukaeran erabakia jakinaraziz, maniobra gutxirako aukera uzten digu Euskarabideak". Zulo horrek martxan zeuden etorkizunerako proiektuak geldiaraztea eta langileen lanpostuak arriskuan jartzea ekarri duela gaineratu du. Urretagoienak nabarmendu duenez, "Bierriken kasuan, Nafarroako Gobernuak erantzukizuna sakandarren eta bertako udalen bizkar utzi du". Kudeatzaileak aurreratu duenez, "berriro ere, dirua biltzeko kanpaina berriak aztertzen ari gara". Hala ere, Urretagoienak nabarmendu duenez, une honetan, Bierrik fundazioa laguntzeko modurik onena, Beleixe irratia entzun eta Guaixe astekaria irakurtzeaz aparte, "sakandarrak beleixeguaixe-txartela eskuratzea da, eta dituen abantailaz goza dezatela". Legezkoa?Oskar Zapata Nafarroako Arartekoarekin bildu zen asteartean. Nafarroako Gobernuak ebatzitako diru-laguntzaren zati bat ez kobratzea legezkoa ote den argitzeko eskatu zion.