Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Mundu anglosaxoiak esaten duen "old rockers never die" esaldiak , denbora pasa ahala, geroz eta zentzu handiagoa du. Ikusi besterik ez da egin behar, 70. hamarkadan sortutako talde eta abeslari askok gaur egun jo ta fuego dabiltzala oraindik. Eta beste batzuek ere jarraituko lukete, bidean geratu ez balira.Urte sutsuak izan ziren eta musikaren mundua drogaz inguratuta zegoen eta horrek ondorio latzak ekarri zituen artista askorentzat. Garai horretan bazen beste esamolde bat ere halako zerbait esaten zuena: azkar bizi, gazte hil zaitez eta gorpu polita utz ezazu. Eta esaldi hori azkeneko ondorioetaraino eraman zituztenak denok ezagutzen ditugu, baina dudak sorrarazten dizkit ea utzitako gorputza polita ote zen. Ziurrenik nahiko hondatuta utziko zuten.Baina lehen aipatu bezala, ez ditut hildakoak islatu nahi gaur, baizik eta, hala eta guztiz ere, bizi-bizirik dirauten horiek. Eta guztietatik adibide argienetarikoa Rolling Stones taldeko Keith Richards gitarra jolea dugu. Tipotxo hau drogazale amorratua izan dela jakin badakigu, baina gaur egun oraindik jo ta ke dabil bere Fender Telecaster gitarrari etekina ateratzen bere taldekide guztiekin. Eta gertutik ezagutu izan dute lehen aipatutako egoera, 1969 urteko uztailaren 3an, bere taldekidea zen Brian Jones zendu zen bere bizi azkarraren ondorioz.Gure Keithek, hala eta guztiz ere, ez zuen bizimodua aldatu. Diotenez deabruarekin tratu bat eginda omen dauka, edo beste batzuek diotenez odol garbiketak egiten ditu noizean behin. Baina egiten duena eginda, heldu den abenduaren 18an 68 urte bete behar ditu, eta oholtza gainean jarraitzen du. Ez dakit zer egiten duen edo zer egin duen, baina argi daukadan gauza bat da bere adina izanda eta daraman urteak kontutan izanda, gaur egun oraindik gauzak egiteko gogoa duela, ez bakarrik musikaren arloan, baizik eta zinearen munduan ere Jack Sparrow kapitain famatuaren aitaren papera eginez azkenengo bi filmetan.Honekin atera nahi dudan ondorioa ez da musikaren arlorako bakarrik, bizitzarako baizik. Ez du zerikusi handirik duzun adina gauzak aurrera atera ahal izateko. Benetan garrantzitsua dena zuk zeuk jartzen duzun gogoa da, eta gogoz, gauzak lortu egiten dira, lehenago edo beranduago. Ez ahaztu: izan zaitez rockero pixka bat, egin gogoz egiten duzuna, eta etekinak lortuko ditugu.Ibai Hernaiz Ormaetxea