Bertsolaritza Sakanako ikastetxeetan

Guaixe 2011ko azaroaren 24a

Bertsolaritza tresna baliagarria da hizkuntza-komunikaziorako konpetentziak eta sormena lantzeko. Horregatik, gero eta ikastetxe gehiagok sartzen dute bertsolaritza ikasketa planean. Aurten, Euskal Herriko 374 ikastetxetako 20.270 ikaslek landuko dute bertsolaritza, inoiz baino gehiagok. Sakanako ikastetxeetan ere lekua egin diote bertsolaritzari. Nafarroako 31 ikastetxe publikotan eta 2 ikastolatan Bertsolaritza ikastetxeetan kanpaina lantzen da. Horien artean daude Irurtzungo Atakondoa, Etxarri Aranazko San Donato, Altsasuko Zelandi eta Iturmendiko eta Urdiaingo herri eskola. Egitasmoaren helburua LHko 5. eta 6. mailako ikasleek bertsolaritzaren oinarrizko jakintza jasotzea da. 30 orduko ikastaroa jasotzen dute urritik maiatzera, astean ordu bateko maiztasunarekin. Bertsozale Elkartea arduratzen da Bertsolaritza ikastetxeetan kanpainaz, Hezkuntza Sailarekin sinatutako hitzarmenari eta Udal eta Mankomunitateen laguntzari esker.Bertsozale elkartearen zutabe nagusietako bat bertsolaritzaren transmisioa da. Erakundearen esanetan, "bertsolaritzaren etorkizuna bermatzeko ezinbesteko egitasmoa da".Bertso eskolakBertso eskolak ere hazi egin dira azken urteetan. Nafarroan gazteen 11 talde eta helduen 13 talde daude. Horien artean daude Altsasuko eta Etxarri Aranazko eskolak. Altsasuko Bertso Eskolan 12-13 urteko gazteak daude. Joan zen urtean jarri zen martxan eta aurten iazko ikasturtean Bertsolaritza ikastetxeetan jaso zuten haurrekin indartu da. Denera 10-12 ikasle daude eta Joxema Leitza arbizuarra dute irakasle. Ostegunetan biltzen dira, 17:00etatik 18:00etara. Etxarri Aranazko Bertso Eskola, berriz, helduena da. Urtearen hasieran sortu zen 10 bat ikaslerekin. Joseba Beltza ibili da irakasle. Ilbeltza-otsaila aldean ikasturte berria hasteko asmoa dute.