Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Horixe da Euskal Herrian Euskarazen (EHE) Etxarri Aranazko eta Altsasuko taldeek asteburuan egin zutena. Ezabaketen bidez EHEk buelta eman nahi dio "estatu espainiar eta frantsesak urteetan zehar aurrera eraman duten asimilazio prozesuari, eta horren ondorioz euskarak menpeko izaera politiko eta soziala du bere lurralde osoan". EHEk "euskaraz bizi den herria eraikitzeko, euskara lehentasunezkoa izatea ezinbestekoa da". Ezabaketen bidez EHEk "inposatzen diguten paisaia linguistiko erdalduna iraultzeko" deia luzatu du.Altsasun, EHEk deituta, ostiralean ezabaketa kalejira egin zuten 30 bat pertsonak. Herrian barna opatu zituzten gaztelaniazko kartelak pegatina eta errotuladorez ezabatu zituzten. Osasun etxean eta Lanbide Heziketa institutuan euskara bizi duen egoera kaxkarra ere salatzeko balio izan zuen kalejirak. Etxarri Aranatzen bederatzi lagunek mendi martxa egin zuten larunbat goizean. Basoan dauden ibilbideetan gaztelania euskararen aurretik lehenesten da kartel batzuetan, euskara eta gaztelania pareko agertzen dira beste batzuetan. EHEk asimilazioari aurre egiteko ezabatu zituen. Zizak hartu eta udazkenean basoak eskaintzen duen ikuskizunarekin ere gozatu zuten.