Mank-ek tasak mantendu eginen ditu

Guaixe 2011ko azaroaren 24a

Asteartean bildu zen Sakanako Mankomunitateko batzarra eta erabaki zuen heldu den urteko tasak orokorrean dauden moduan uztea. Horrekin batera, ibarreko erakundeak baso-lanak egiten ikasteko enplegu tailer berri bat jarri nahi du martxan. Asteartean proiektua onartu zuen. Hura orain Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztu beharko du Sakanako Mankomunitateak, erakunde horren bizkar egoten delako halako tailerren finantziazioaren zatirik handiena. Hilaren 14an despeditu zuen Sakanako Mankomunitateak estreinakoz antolatu duen enplegu tailerra. 25 urtetik gorako 15 langabe baso-lanak egiteko trebatu dira eta haien %80 lan munduan sartzeko bidea egiten hasi da. Esperientziarekin pozik, ibarreko erakundeak errepikatzea erabaki du, hala langabeei lan munduan sartzeko aukera eskaintzen dielako. Azkenik, astearteko bileran, Sakanako Mankomunitateak oniritzia eman zion hitzarmen bati. Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin sinatuko da eta haren bidez familia arloan hizkuntzaren erabilerako egitasmoa eramanen da aurrera.