Unai Elorriaga literatura solasaldian

Guaixe 2011ko azaroaren 29a

Sakanako Mankomunitateak eta AEK-k literatura solasaldia eginen dute abenduaren 15ean. Unai Elorriaga idazlea gonbidatu dute SPrako tranbia (Elkar, 2001) liburuaz hitz egiteko. Bizkaiko idazleak Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi zuen 2002an aipatutako nobelarekin. Unai Elorriagak burua galtzen ari den adineko gizon baten istorioa kontatzen digu. Gaia gogorra izan arren, goxotasun handiarekin eta naturaltasunez lantzen du. Protagonista Lucas agurea da, gorputzez ahul eta burua galtzen ari den arren, bere ametsek eta oroimenek bizirik mantentzen dute. Rosa emaztea aspaldi hil zen, baina eten gabe agertzen da. Arreba Maria, gazte gitarra-jole bat eta honen andregaiarekin bizi dira. Etxea gaztetasuna eta zahartzaroaren topagune bihurtzen da. AEKren Altsasuko Itsasi euskaltegitik jakinarazi digutenez, idazle bizkaitarraren Matxinsaltoen belarriak gazteendako nobela ere irakurtzen ari dira. Hura ere hizpide izanen dute. Solasaldiaren antolatzaileek liburua irakurtzera animatzen dituzte sakandarrak. Zubi luzean horretarako aukera izanen dugu.