Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Espainiako Kultura Ministerioak Crearte sari nazionala eman dio Etxarri Aranazko San Donato ikastetxeari. Saria Haur Hezkuntzako modalitatean jaso dute ¿Creamos? plastika lantzeko egitasmoagatik. Etxarriko ikastetxe publikoak 16.000 euroko saria jasoko du eta "hezkuntza ikastetxe sortzaile" izendatu dute.Crearte sariaren helburu nagusiak irakaskuntzan sormena sustatzea eta ikasleengan berrikuntza-sormen gaitasunak bultzatzea dira. Etxarriko ikastetxearen kasuan, 2010-2011 ikasturtean 2 eta 5 urte bitarteko haurrekin landutako egitasmoa saritu dute. Egitasmo horren atzean daude joan zen Haur Hezkuntzako irakasle ziren Saioa Jimenez, Susana Agerre, Kontxi eta Loreto Asensio. Lau irakasleek zenbait artista ezagunen obratik abiatuta, Haur Hezkuntzan plastika era bateratuan lantzeko irizpideak zehaztu zituzten. "Miro, Kandinsky, Matisse, Picasso edo bestelako artista ezagunen laminak ikasleen sormena lantzeko tresna izan dira. Haien bidez plastikako teknikak eta adierazpen moduak lantzen dira. Haurrek gozatu egiten dute eta iritzi kritiko bat garatzen hasten dira" azaldu zuten egitasmoa garatu zuten lau irakasleek Beleixe irratian (FM 107,3).Egitasmoaren beste berezitasuna gurasoen inplikazioa da. "Ostiraletan hiru tailer egiten genituen, tartean plastika, eta gurasoek horietan parte hartzen zuten. Hori berritzailea da" azaldu dute. Lau irakasleek adierazi zutenez, "Haur Hezkuntzako lau irakasleok plastika antzera lantzen genuen, baina egitasmoak koordinazioa hobetu eta helburuak, kontzeptuak, metodologia eta edukiak bateratzera behartu gaitu. Lan handiena dokumentazioa prestatzea izan da". Orain laukotearen lana nahi duenaren eskura dago "Haur Hezkuntzan plastika lantzeko programazio osoa da, helburu, metodologia, ariketa, ebaluaketa eta guzti" azaldu digute.Sakandarrek pozik hartu dute 16.000 euroko saria, "irakaskuntza gure lana da eta gustura egiten dugu, baina era honetako sariek lanean jarraitzeko pizgarri dira" diote. Ezusteko diru sarrera sormena lantzeko materialera bideratuko dute. Irakasleek denbora gutxian zerrenda luzea egin dute: "ordenadoreak, arte liburuak, laminak...". Ikastetxean sormena lantzen jarraitzeko lagungarri izanen dira.