Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) zuzendaritzak legegintzaldiko bigarren bilera Etxarri Aranatzen egin zuen ostiralean. Eneka Maiz etxarriarrak eta UEMAko zuzendaritzako kidea izan zen gainontzekoei harrera egin ziena. Bileran, besteak beste, erabaki zuten UEMAren batzar nagusia ilbeltzaren 14an egitea Zumaian. Batzar horretan mankomunitateko 61 herrietako ordezkariak bilduko dira, aurtengo balantzeak itxi eta heldu den urteko jarduera zehazteko. Horrekin batera, mankomunitatean sartzeko eskaera egin duten udalak onartuko dituzte. UEMAko kide izateko udalerriko biztanleriaren %70 edo gehiago euskalduna izan behar da. Sakanan bost udalerrik betetzen dute baldintza hori: Arruazu, Ergoiena, Arbizu, Etxarri eta Urdiain. Azken hiru herriak besterik ez dira UEMAko kide. Mankomunitatearen egitekoa da euskararendako arnas-guneak zabaltzea. Horretarako, gune euskaldunetan euskararen erabilera arlo sozial guztietara zabaldu eta udal euskaldun guztiekin euskara nagusi izango den lur-gunea antolatu nahi du. Aldi berean bermatu nahi du UEMAko kide diren herrietan, herri euskaldunetan, euskara nagusi izatea eguneroko harreman arruntetan. Toki administrazioa euskalduntzeko hizkuntza plangintza aurrerakoiak ere lantzen dira UEMAren bidez.