Hitzarmenaren negoziazioak oraingoz ez du klinikaren jarraipena bermatu

Guaixe 2011ko abenduaren 1a

Josefina Arregi klinikako ordezkariak bihar bilduko dira Osasun Departamentuko kudeatzaile Angel Sanz Barearekin. Aurretik, azaroaren 23an, Prestazio eta Kontzertuen arduradunekin bildu ziren, haiek ez zuten erabaki ahalmenik, Sanzek bai, ordea. Hala ere, aurreko asteko bileran jasotako informazioaren arabera, Nafarroako Gobernuak Altsasuko klinikaren erreferentzialtasuna aitortzeko asmoari eusten dio, baina haren etorkizuna bermatzeko nahiko finantziaziorik ez du emanen. Halaxe jakinarazi digu Arantza Salegi Riverak, klinikako enpresa batzordeko kideak (ELA). Salegik azaldu digunez "ematen dutenarekin, baldintza horietan, ezin dugu aurrera segitu igotzen ez badute". Langileen ordezkariak azaldu digunez, ordaintzeko "oso gaizki dabil klinika" eta gogorarazi du urteetan klinikak galerak izan dituela, "beti kontzertu justua izan dugu". Salegik azaldu digunez, Torre Monreal klinika pribatuko Asistentzia Unitateak duen kontzertuaren parekorik ez diete eskaini, "San Juan de Diosekin egindako hitzarmen orokorraren barruan sartzen dute Tuterako unitatea eta, horregatik, parekoak ez direla esaten dute". Eguneko zentroaAtzokoan bildu zen klinikako kudeatzailea eguneko zentroan senideren bat duten familiekin. Nafarroako Dependentzia Agentziak aldaketak iragarri ditu ematen dituen diru-laguntzetan. "Gaur egun, eguneko zentroan egoteagatik familiek bi laguntza jasotzen dituzte, bateragarriak. Orain bietatik bat aukeratu beharko dute eta bestea baztertu. Pertsona etxean izatea erabakitzen badute eguneko zentrorako laguntza ezingo dute jaso, eta krisiarekin ekartzea garestiegia suertatuko zaie" azaldu digu Salegik. Horrek familiendako zama handia ekarriko duela gaineratu du.