Josefina Arregi klinikak bere aldeko elkarte bat du

Guaixe 2011ko abenduaren 2a

Klinikaren proiektu guztia babesteko sortu da, jarraipena emateko. Bazkidetza kanpaina jarriko dute aurki martxanSakanako hainbat herrietako herritarrek bulkatuta sortu da Josefina Arregi klinikaren lagunen elkartea. Sortze prozesu luze baten ondoren legeztatu berri da. Helburu argiak ditu elkarte sortu berriak: klinikaren historia, xedea eta sortzailearen berri ematea; jendarteari, administrazioei eta erakunde pribatuei lorpenak, beharrak, egitasmoak eta abar ezagutaraztea eta haien babesa lortzea; klinikaren zerbitzu osagarrien horniduran eta antolaketan laguntzea eta klinikari buruzko berriak zabaltzea. Elkartearen helburuak betetzeko ahalik eta sakandar eta nafar gehienen babesa lortu nahi dute. Bazkide egiteko deia egin dute, baita gizarte eragileei ere. Bazkidetzak urteko dozena bat eurotik aurrerakoak izanen dira, norberaren ahalmenaren araberakoak. ZergatiaJosefina Arregi Klinikako elkartearen lagunek diotenez, Felipe Lezeak sortu zuen zentroaren oinarria elkartasuna da, "eta ez hainbeste lehiakortasuna eta irabaziak lortzea". Elkarteko kideak kexu dira administrazioak klinikaren proiektua bere osotasunean ez hartzeagatik, "ez baititu beharrezko baliabideak ematen". Kideek gogorarazi dute klinikaren helburua gaixo dauden pertsonak artatzea dela, "batez ere ahulenak, sortzaileak klinikaren estatutuetan jaso zuen bezala". Elkarteko kideek esan dutenez, "batzuetan beharrezkoa da egoera jakin batzuk zailtzea gizartea erreakzionatzeko, ideiak emateko eta desbideratzeak zuzendu eta lortutakoa mehatxatzen duten arriskuak gainditzeko". Josefina Arregi klinikaren kasua hori dela nabarmendu dute elkartetik. "Felipe Lezea sortzaileari esker, klinikak gaixotasun psiko-geriatrikoen tratamenduan maila handia lortu du, nahasmendu horiek tratatzen dituzten zentroen artean erreferente bihurtuz". Sortzailearen ekimenaz gain 16 urtetan aritu diren "paregabeko" pertsonen "kalitate profesionala eta humanoa" gehitu behar zaiola nabarmendu dute elkarte kideak. Haien jardunak "errendimendu bikaina" eman duela aitortzen dute. "Lanaren bikaintasunak eta dedikazioak esperientzia oso baliagarria hartzera eraman ditu. Nafarroan ez dago eta Europan gutxi dira nahasmenduak Josefina Arregi klinikak bezain eraginkor tratatzen dituenik". Horregatik guztiagatik eta "elkartasunagatik" sortu da elkartea. Blogahttp://amigosjosefinaarreguilagunak.blogspot.com/ helbidea du elkartearen blogak. Han deskargatu daiteke, bazkide egiteko txartela.