Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abenduaren 4tik 8ra ateak zabalduko ditu Durangoko Azokak. Euskal liburu eta disko azoka handienean ekarpena eginen dute sakandarrek. Abenduaren 4an, 13:00etan, Gartxot filma aurkeztuko dute Durangon. Egileen artean dago Jose Mari Morcillo altsasuarra. Izen bereko liburua ere azokan aurki dezakegu. Abenduaren 5ean, berriz, 18:00etan, Castillo Suarez altsasuarrak Muxurik nahi? liburua aurkeztuko du haur literaturaren aretoan.Abenduaren 6an, asteartean, 19:00etan, Hesian taldeak Hitzetik diskoa aurkeztuko du Ahotsenean, euskal liburu eta diskoen gunean. Abenduaren 7an, asteazkenean, Baga-Bigaren standean egonen dira Xabi Aldazen Kaotiko taldeko kideak, labetik atera berri den CD-DVDa sinatzen. Bestalde, 13:30ean, Mikel Garcia Idiakezek Zeluloidezko begiradak liburua aurkeztuko du Irudienean txokoan. Euskal zinemaren ibilbidean arrastoa utzi duten filmen 13 zuzendari elkarrizketatu ditu, besteak beste, Helena Taberna altsasuarra. Zenbait zuzendari bertan izanen dira.Azkenik, eszenatokiaren beste aldean eta liburu eta disko saltzaileen postuetan zenbait sakandar ibiliko dira. Haiek gabe, alferrikakoa da sortzaileen lana.