Gasolindegi arrazionalista

Guaixe 2011ko abenduaren 2a

Altsasuko gasolindegi zaharra da, Beheko Benta kale ertzean kokaturik dago. 1933. urtean Jose Arribasek eraikitzea eskatu zuen. Garai batean Madrid-Irun errepidean zegoen gasolindegi bakarra izan zen. 2005. urtean utzi zitzaion erabiltzeari. 2010. urtean Altsasuko udaletxeak bigarren graduko eraikin babestua izendatu zuen.Eraikin arrazionalista goiztiarra da. Bertan Mugimendu modernoaren ezaugarriak ikus ditzakegu. Arrazionalismoa Bauhausen jaio zen, gero CIAM Erakundeak arkitektura printzipioak definitu zituen. Espainian bigarren errepublikaren garaian GATEPAC, arkitekto taldea sortu zen; bere helburua Arkitektura arrazionalista sustatzea izan zen.Eraikinaren forma funtzioaren araberakoa izan behar zen. Eraikin honek bi funtzio betetzen ditu; beheko solairuan gasolindegia eta goiko bi solairuetan etxebizitza. Honengatik eraikinak daukan itxura oso berezia da. Hau da, beheko solairuan  hutsune garrantzitsu bat dago, fatxada atzera eramanez, erdian hormigoizko zutabea duelarik. Honek perspektiba guztietatik ikusten den terraza kurbatuari eutsiko dio.Elementu garrantzitsu hau, lehen planoan agertzen da bere presentzia nabarmenduz eta bi funtzioak ezberdinduz. Gasolindegiaren estalkia izan arren etxebizitzaren terraza ere bada. Azalera handia du, ertzetan estuagoa da eta erdialderantz handitzen joaten da, airean dagoela dirudi. Etxebizitzaren bolumetria, multzo kubiko ezberdinek sortzen dute, azalera ezberdinak dituenez, mailaketa argia azaltzen da eraikinean. Bigarren solairuan, adibidez, fatxada biratuta dago errepideari begira geratuz eta beste terraza bati lekua utziz atzeratuko da. Forma sinpleak dira, apaingarririk gabeak. Edertasunak, eraikinaren funtzioarekin, materialen erabilera arrazionalarekin eta eraikuntza sistema egokiarekin zerikusia du. Estetika honek fatxada guztiak berdin tratatzen zituen, ez zegoen ezberdintasunik. Arrazionalismoak, artea erreferentziatzat hartzen zuen, kubismoa, espresionismoa, neplastizismoa... Arkitektura arrazionalista internazionala  izan zen, mundua hobetzeko gai zen tresna ekonomiko eta politikotzat ikusi zuten, bai eraikinen diseinuaz bai hiri planeamenduaz. Erta Arruabarrena Elizondo