Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Oporretako zubia eta hotzari aurre eginez, bi mila pertsona inguruk bat egin zuten Josefina Arregi klinikako enpresa batzordeak deitutako manifestazioarekin (sakandarrak, baina baita, esaterako Tafallakoak ere). Langileek bi pankartekin zabaldu zuten igandeko manifestazioa. Batean zera irakur zitekeen: dementzietan erreferentziako ospitalea, dirurik gabe hilzorian, iragarritako heriotza. Bestean, berriz, Familiei murrizketak, sos eguneko zentroa irakur zitekeen. Langileen ordezkari Mª Luisak Corresek akaberan azaldu zuenez, "ahazturaren gaitza gaixotasun ahaztua ez izateko lanean jarraituko dugu". Arantza Salegik nabarmendu zuen lorpen handia izan dela zentroarendako Osasunbideak dementzietarako erreferentzia klinika izendatzea. "Baina bideragarritasuna ziurtatzeko babes ekonomikorik ez du ematen. Egoera larria da". Salegi kexu azaldu zen krisia aitzaki hartuta dabilelako orain Osasunbidea. "Eta orain arte zer? Zergatik ez digute lagundu beste zentro batzuekin egiten duten moduan?"Langileen ordezkariak gogora ekarri zuen aurtengoa Alzheimerra eta gaitz neurodegeneratiboak ikertzeko urtea dela. Adierazpen ederretatik harago Nafarroan dagoen espezialdutako zentro bakarra hiltzen ez uzteko exijitu zuen Salegik. Horrekin batera, halako zentro gehiago egon beharko luketela aldarrikatu zuen. FamiliakDiru-laguntzen murrizketa haiei ere eragiten dielako, langileek haiekin gogoratu ziren. "Zaintzailea zaintzeaz hainbeste hitz egin eta orain familiei laguntzak murriztu dizkiete. Lehen bezala, orain etxean zaindu beharko dituzte gaixoak, askok ezinen duelako dirurik izanen eguneko zentroa ordaintzeko". Familiei lan karga gehitzen zaiela eta beti bezala ahulenak babesik gabe geldituko direla nabarmendu zuen Salegik. %99ko okupazioa16 urtetan 2.124 gaixo hartu ditu Josefina Arregi ospitaleak, Osasunbideak bidaliak. Haietatik %78 etxera bueltatu ziren. Aurtengo lehen seihilekoan 117 gaixo artatu dituzte. Gaixoek, bataz beste, bi eta lau aste artean ematen dituzte ospitalean. Egonaldia eta gero "eguneroko haien jokabidea hobetu egiten da, horrek haiendako eta familiendako bizi kalitate hobea dakar". ParlamentuanEkonomia eta Ogasun batzordean, UPNren eta PSNren bozekin, atzera bota zen NaBairen emendakina bat aurreko asteazkenean. Koalizioak aurrekontuan jasotako milioi bat euroko ekarpena milioi erdi gehiagotan handitzea eskatu zuen, baina proposamenak ez zuen aurrera egin.Egun berean Josefina Arregi klinikako langileen ordezkariak (ELA) Nafarroako Parlamentuan 11.342 sinadura aurkeztu zituzten. Aste honetan bilera dute zentroko ordezkariek Osasunbideako ordezkariekin.