Bi sakandar euskal zizelkarien liburuan

Guaixe 2011ko abenduaren 13a

Michel Jauregiberri, Patxi Laskarai, Gaiza Iroz eta Marc Etxeberrik bat egin dute euskal eskulturgintza aztertzeko. Lehenengoak testuak idatzi ditu, hurrengo biek argazkiak eta azkenekoak arteaz duen jakintza jarri du. Lau lagunen elkarlanetik sortu da Euskal zizelkariak-Sculpteur basques liburua (Pimientos argitaletxea). Argazki ederrez hornitutako 240 orriko liburuan XVI. mendetik gaur arteko Euskal Herriko eskulturgintza bildu dute. "Ez da euskal eskulturgintzaren historia edo entziklopedia, 25 euskal eskultoreren obrak begiratzeko proposamen bat baizik" argitu dute egileek. Hautatutako eskulturagileen artean daude Jose Ramon Anda bakaikuarra eta Dora Salazar altsasuarra. Eskulturgintzak pisu handia izan du Euskal Herrian eta, hortaz, ez da erraza izan artistak hautatzea. "Bere garai edo estiloaren ordezkari ziren eskultoreak hautatu ditugu" diote egileek. Liburuan eskulturagile garaikideak nagusitzen dira; "haien lana baloratzea nahi dugu, memoria lan bat egin" azaldu dute. Oteiza eta Txillardegitik haratago, euskal eskultore handiak direla deskubritu dute egileek. Haietako bi etxetik bertan ditugu. Liburuak Anda eta Dora Salazarren lanera hurbiltzeko aukera eskaintzen du.