Murrizketak salatzeko manifestatzeko deia egin dute

Guaixe 2011ko abenduaren 16a

Iruñeko manifestaziora joateko bihar, 15:00etan auto-karabana abiatuko da Altsasutik. 17:00etan Iruñeko Arrotxapea auzotik jende zutabe bat Antoniuttira abiatuko da, 17:30ean mobilizazioa hasiko den tokira iristekoAurrekontu parte-hartzaile eta sozialen aldeko herri ekimenak biharko manifestazioa deitu du Iruñean. 2012ko aurrekontuak, murrizketarik ez! leloa izanen du manifestazioak. Manifestazioa deitu duen ekimenean Nafarroako eskualde guztietako pertsonak eta erakundeak daude eta, modu batera edo bestera, bai aurtengo bai heldu den urteko murrizketak jasan dituzte. Haietako batzuk "oso egoera larriak" bizi dituztela salatu dute. Ekimenetik azaldu dutenez (Abian plataforma tartean dago), "guztion diruaren kudeaketarekin ez gaude ados".Manifestazioa deitu dutenen ustez, lurralde desoreka eta ezberdintasun sozialak areagotzen dituzten aurrekontuak dira gobernuak proposatutakoak. "Aurrekontu hauek kapitalaren beharrei erantzuten diete eta ez herritarron beharrei". Horretaz gain, aurrekontuen osaketan, eztabaidan eta onarpenean herritarrei parte hartzea ukatu zaiela salatu dute, baita aberatsen mesedetan eta Nafarroako langileon gehiengoari eskubideak eta bizi kalitatea murriztuko dietela ere. Guztiagatik sektore askotako eragileek osatzen duten ekimeneko kideek manifestazioan parte hartzera deitu dute.  Batzarrak Abian plataformak deituta manifestazioaren berri emateko eta auto-karabanaren berri emateko batzarrak egin dira Lakuntzan, Arbizun, Etxarrin, Altsasun eta Olaztin. Gaur, 19:00etan, Irurtzungo udaletxean eginen da. Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuek bat egin dute larunbateko manifestazioarekinAltsasuko zonaldeko Gizartea Zerbitzuek bat egin dute larunbatean Iruñean murrizketen kontran egingo den manifestazioarekin. Beraien ustez "asko dago salatzeko, osasun eta hezkuntza alorrekoak, euskarazko komunikabideena, Josefina Arregi, udalen eta Sakanako egoera... baita  gizarte zerbitzuetan ere, oinarrizko errenta jasotzeko aldaketa gogorrak, etorkinen zerbitzuei murrizketak, babesturiko gizarte enpleguan murrizketak, menpekotasuna dutenen laguntzen murrizketa eta desagertzeak".Bierrik ere murrizketen kontraBierrik fundazioak bat egin du Aurrekontu parte-hartzaile eta sozialen aldeko herri ekimenak antolatutako larunbateko manifestazioarekin. Fundazioa gertutik jasaten ari da Nafarroako Gobernuak ezartzen ari dituen murrizketak. Bierrikek aurtengo aurrekontuetan onartua zegoen diru-laguntzaren bigarren zatia ez daki jasoko duen eta heldu den urterako euskarazko komunikabideei ez zaie diru-laguntzarik emango, Bierrik fundazioa osatzen duten Beleixe irratiaren eta Guaixe astekariaren lana asko zailduz. Horregatik guztiagatik, Bierrik fundazioak larunbatean Iruñean arratsaldeko 17:30ean egingo den manifestazioan parte hartzeko deiarekin bat egin du.