Sakanako artista bekadunak zuzenean

Guaixe 2011ko abenduaren 28a

Nafarroako Gobernuak bekaz lagundu dituen ikasketa artistikoetako ikasleek zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte gaur eta bihar, Iruñeko Baluarteko ganbera-aretoan. 18 dantza, antzerkia, arte plastikoak eta musika ikaslek parte hartuko dute kontzertuetan. Haien artean daude Uharte Arakilgo Naiara Ijurko piano eta klabe jolea eta Lizarragako Alicia Torrea pianista. Emanaldiak 19:00etan hasiko dira. Sarrera doan da. Gaurko emanaldia Alicia Torrea Goikoetxea piano joleak irekiko du. Lizarragatarrak Amaia Azkona sopranoa lagunduko du. Elkarrekin Fauré, R. Strauss eta Fallaren obrak eskainiko dituzte. Emanaldian biolin, piano eta klarinete joleek, antzezleek eta dantzariek osatuko dute.Naiara Ijurko Risco klabe joleak, berriz, bihar joko du. Uhartearrak Jesus Ventura oboe jolea eta Ander Erburu flauta jolea lagunduko ditu. Elkarrekin J. S. Bach-en obra joko dute. Emanaldian ikus-entzunezkoak, arte plastikoa eta musikari gehiago ere izanen dira.Igor Razkin uhartearra ere bekatuen artean dago, baina ez du emanaldietan parte hartuko. Atzo, emanaldien bezperan, Nafarroako Gobernuko kultura kontseilari Sanchez Muniainek harrera egin zien 20 bekadunei Nafarroako Jauregian. Herrialdearen izena kalera eramatea eskertu zien. BekakNafarroako Gobernuak 10 beka artistiko eman ditu 2010ean. Horietako bi Sakanan geratu dira. Bekek barne hartzen ditu matrikula (gehienez 4.000 euro), bidaia (100 eta 600 euro artean) eta hilabeteko paga (800 estatuan eta 1000 euro atzerrian). Beka eskaera egiteko beharrezkoa da titulu ofiziala izatea eta prestigioko zentro batean hautaketa proba gainditzea. Beka onartzeko orduan kontuan hartzen dira ikasketa espedientea, hautatutako ikasketa programaren interes artistikoa, zentroaren kalitatea eta eskatzailearen maila.Sakanatik atzerriraAlicia Torrea Goikoetxea lizarragatarrak Barañaingo Luis Morondo musika eskolan hasi zituen piano ikasketak. 2002an Iruñeko Pablo Sarasate Goi Mailako Kontserbatorioan pianoko goi zikloko ikasketak amaitu zituen. Gaur egun, 27 urterekin, piano teknika perfekzionatzen ari da Berlinen, Heide Görtz piano katedratikoarekin. Atzerrian ikasketa gehiago egin ditu, besteak beste, Boulogne-Billancourten (Frantzia). Zenbait sari irabazi ditu: Fernando Remacha, Donostia Hiria Saria, Pianoko Lehen Saria (Boulogne-Billancourt, Frantzia, 2006), Claude Bonnetton Saria (Frantzia, 2007). Ikasketak kanpoan egin arren, opor garaian gustura itzultzen da gurasoen sorterrira. Aurtengoa Nafarroako Gobernuaren hirugarren urtea da.Naiara Ijurko Risco uhartearrak Etxarri Aranazko musika eskolan hasi zituen piano ikasketak, 6 urte baino ez zituela. Ondoren, Iruñean eta Donostian jarraitu zuen pianoarekin eta klabearekin. Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, amaitu zituen piano ikasketak. Gaur egun, 23 urterekin, Groningen-eko (Holanda) Prins Claus kontserbatorioan ikasten du. Aurten Nafarroako Gobernuaren beka jaso du lehen aldiz.    Igor Razkin uhartearra Nafarroako Antzerki Eskolan murgildu zen antzerkigintzan. Gaur egun eszena zuzendaritza ikasten ari da Gaztela eta Leongo Goi Mailako Antzerki Eskolan.