Hobekuntza lanak eginen dira hondakindegian

Guaixe 2011ko abe. 23a, 09:17

Herenegungo batzordean Sakanako Mankomunitateak erabaki zuen Arbizuko hondakindegian eginen diren hobekuntza eta egokitzen lanak emateko deialdia egitea. Lanek 1.079.000 euroko aurrekontua izanen dute eta Toki Administrazio Departamentuaren lau urteko azpiegitura planeko ditu laguntza jasoko dute. Aurreikusitakoaren arabera, hondakindegiaren zati bat behin betiko itxi eginen da. Horrekin batera, industriako hondakin ez arriskutsuak hartzeko gune berri bat prestatuko da, 17.930 m2koko tamaina izanen duena. Bestetik, makinaria hartzeko eraikin berri bat eginen da.

Horrekin batera, hondakinak deskargatzeko nasa estali eginen da. Izan ere, haize egunetan kamioiek deskargatzen dutenean hondakinak batetik bestera eramaten dituzte eta gero guztia jasotzen ibili behar izaten dute langileek. Haiendako ere arriskutsua da. Aurreikusitako lanen artean ere arazte sistema berri bat jartzea aurreikusi du Mank-ek. Izan ere, gaur egungoak ez du dena arazteko gaitasunik. Ibarreko erakundeak bakterioekin arazketa egiten duen sistema bat probatu du eta hura jarriko du, guztia arazten duelako . Egiteko lanen artean ere hondakin urak punpatzeko sistema bat ere aurreikusia zegoen. Lan hori dagoeneko egina dago.

Ur hornidura sarea
Sakanako Mankomunitatearen asmoa da Urdalurko uharkako ura Irurtzuneraino eramatea. Gaur egun sare hori Lakuntzaraino iristen da. Erakundearen 2011ko aurrekontuan jasoa dago ur hornidura sarea Lakuntza eta Ihabar artean sarea luzatzea. Baina tramitazioa luzatu egin da. Alde batetik, hoditeriaren trazatuarekin arazoak sortu dira lurjabe batzuk ados ez zeudelako, eta ados jartzeko lanean aritu direlako. Bestetik, Espainiako Gobernuak inbertsioen inguruan emandako lege-dekretuak lanak egin ahal izateko mailegua eskatzeko Nafarroako Gobernuari baimena eskatzera behartu zuen Mank. Lanak ilbeltzean eman nahi ditu Mank-ek, luzatuz gero Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza galduko lukeelako. Lanek 1.026.000 euroko aurrekontua du.

Kontagailuak
Sakanako Mankomunitateak Ur zerbitzu integrala eskaintzen die zazpi herriri. Horietan uraren kontsumoa kobratzeaz Mank arduratzen da. Ibarreko erakundeak herenegun erabaki zuen etxeetan jarriko diren ur kontsumoaren kontagailu berriak Gomez Contadores SL enpresari ematea 430.000 euroren truke. Kontagailu bereziak dira zazpi herri horietako etxeetan jarriko direnak. Irrati bidez kontsumoa irakurriko dute mankomunitateko kideek. Auto bat kaleetatik pasako da eta pda gailu batean jasoko ditu datuak. Gainera, zerbait arraroa gertatzen bada, alarma sistema ere badu kontagailuak. Ilbeltzetik aurrera hasiko da Mank tresna berriak jartzen.