Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo egindako batzarrean Sakanako Mankomunitateak erabaki zuen 2012ko aurrekontuaren onarpena atzeratzea. Altsasuko alkate Garazi Urrestarazu Zubizarretak udaleko aurrekontua onartzeko denbora gehiago eskatu zuen eta batzarrak onartu egin zuen. Iaz ere gauza bera gertatu zen, Mank-eko aurrekontu proposamena abenduan aurkeztu zen baina otsaila hasierara arte ez zen onartu. Krisiak udalen ekonomian izandako eraginaren ondorio zuzena da erabakia. Batzarrean azaldu zenez iazko gastu maila mantentzen saiatu dira. Erakundeko buruek azaldu zutenez, aurrekontua prestatzerakoan saiatu dira iaz zerbitzuetarako jarritako zifrak mantentzea. Azaldu zuten azken 3 urteetan udalek Mankomunitateari egiten dioten ekarpenak 345.000 euro egin du behera. Ibarreko erakundearen beste diru-iturri bat Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak dira. Euskara, kirol eta immigrazio zerbitzuetarako ematen dituen laguntzak behera egin dutela azaldu zuten atzokoan. "Kirol zerbitzurako 0 euro jasoko ditugu aurten" zehaztu zuen Adolfo Araiz kudeatzaileak. Egoera horren aurrean aurreikusitako egitasmo batzuk bertan behera gelditu behar izan dutela azaldu zuen. Aurrekontu moldaketakSakanako Mankomunitateak atzoko batzarrean erabaki zen aurrekontuko zenbait partidari diru gehiago ematea, nahikoa ez zutelako. Hondakin bilketako zerbitzuan behin behineko kontratazioetarako, ardura duna funtzionario bihurtzeagatik eta gizarte asegurantzagatik 87.000 euro inguru bideratuko dira. Immigrazio Zerbitzuan kultur bitartekaritzan aritzeko pertsona bat kontratatu da aurten. Haren egitekoa arabiar jatorriko gizonekin harremanetan jartzea izan da, orain arte ezin izan baita haiengana behar bezala iritsi. Mank-ek kontratazio horretarako 5.325 euro bideratu zituen. Baina horietatik 4.705,4 Nafarroako Gobernuak ordainduko ditu. Bestalde, Mank-ek orriak doblatu eta gutun-azaletan sartzeko makina erosiko du 6.700 euroren truke. Orain arte lan hori kanpoan egiten zen. Inbertsioa urte batean amortizatuko da. Araudi berriaAtzoko batzarrean batzarrak Euskara Zerbitzuaren araudi berria onartu zuen. Bi aldaketa nabarmendu zituen buruak. Batetik, parte hartze aldetik euskalgintzako eragile guztiei eta interesatu guztiei zabaldu dela parte hartzea. Eta, bestetik, bozketa sistema. Aurreko legegintzaldian udal ordezkariek zuten eskumen hori, eta aurretik parte-hartzaile guztiek. Oraingoan 25 boto izanen dira, 15 udalenak eta 10 euskalgintza guztiaren ordezkariendako. Bilduko kideek alde bozkatu zuten eta NaBaikoek eta independentea abstenitu egin ziren.