Ibarrerako konposta egiteko planta eskatu du Mank-ek

Guaixe 2011ko abenduaren 22a

Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren bileran izan zen, astelehenean eta Aitor Karasatore Muguruza presidenteak egin zuen eskaera. Mank-eko buruak azaldu zuen atez ateko hondakin sistema ezartzeko urratsak ematen ari direla eta beste mankomunitate batzuk beste eredu batzuk proposatzen ari direla. Horregatik, Karasatorrek partzuergoari eskatu zion hondakin organikoaren bilketaren inguruan dauden beharrak azter zitzala. "Hala mankomunitateak elkarrekin osagarriak izateko lan egiten da eta jasotako hondakin organikoak egoki tratatzen direla ziurtatzen da". Karasatorrek Sakanan konposta egiteko planta bat egin beharra nabarmendu zuen eta Arbizuko hondakindegiko eremua eskaini zuen. Hondakin solidoak tratatzeko planten sare deszentralizatu baten alde egin zuen Mank-eko buruak astelehenean, hori aztertzeko eskatu Hondakin Partzuergoari. Aldi berean, azpimarratu zuen Nafarroako Gobernuaren eta Hondakin Partzuergoaren elkarlana eskatu zuen konpost plantak eta atez ateko bilketa ezarri ahal izateko. Gipuzkoako edo Kataluinako atez ateko bilketa sistema ezagutzeko gonbitea egin zion Karasatorrek partzuergoko buru Roberto Jimenezi. Gaur goizean Lourdes Goikoetxeari Mank-eko presidenteak azaldu dio zero zabor sortzearen alde egiten duela erakundeak. Hark Olaztiko balioztatze egitasmoaren gaia atera dionean aipatu dio hori Karasatorrek, eta gehitu Sakanan hondakinen kudeaketan murriztearen, birziklatzearen eta berrerabilpenaren alde eginen dela.Bestalde, ELA sindikatuak atzokoan jakinarazi zuen Nafarroan zero zabor politika ezartzearen alde dagoela. Mitxel Lakuntzak Elako Nafarroako arduradunak esan zuenez, Nafarroako hondakinak kudeatzeko planak ez du birziklatze tasa igotzeko alternatibarik planteatzen. ELAren iritziz, "birziklapen tasa hazteko hondakinak selektiboki bildu behar dira eta konpostajea areagotu behar da". Sindikatuak, bestalde, azaldu du hondakinen errefusa modu jasangarrian tratatu behar dela eta errausketa ez dela jasangarria.