Horra, horra, gure Olentzero...

Guaixe 2011ko abenduaren 23a

Honezkero Sakanara begira izanen dugu Olentzero. Dagoeneko bisitatu ditu Sakanako herri batzuk, baina gehienetara bihar iritsiko da. Urte osoan ikatza eta opariak prestatzen ibili ondoren, gustura hartuko ditu sakandarren kantu alaiak eta berotasuna. Ikazkinak gauerako indarrak berritzeko aukera izanen du Sakanako zenbait herritan.ZiordiaAzken urte hauetan Ziordia Bizirik plataformak eta Gaztetxeak hartu izan dute Olentzeroren prestaketaren ardura. Hala adierazi digu Maitane Alzelai plataformako kideak. Sakanara Ziorditik sartzen omen da Olentzero, baina ongi etorria egin aurretik herriko neska mutikoak puska eske eta kantuan aritzen dira etxez etxe urteroko Agur-agurrean. Bildutako guztiarekin arratsaldean meriendatxoa egingo dute. Iluntzerakoan, 19:00ak aldera, iritsiko da Olentzero eta herriari buelta emango diote, musika lagun. Bukatutakoan Gaztetxean elkartuko dira auzatea egiteko. Bertan haurrek aukera izango dute Olentzerori eskutitza eskura emateko eta harekin solasaldian egoteko. OlaztiDagoeneko bidean izango dira Olaztiko neska mutikoen eskutitzak. Izan ere, aurreko domekan Laminatuturren bisita izan zuten Maisuenea Gaztetxean, eta eskutitza eskura eman zioten, honek gero Olentzerori eman diezaion.  Ondoren, txokolatada goxoa dastatzeko aukera izan zuten bertaratuek. Bihar atzera ere, txokolate jatea izango dute 17:30ean eta 18:30ean ikazkinaren bisita izango dute. Mikel Azkargorta olaztiarrak Beleixe irratian azaldu bezala, "kaxeroz joateko deialdia" zabaldu dute olaztiarren artean. Herrian barna trikitixaren laguntzarekin ibiliko dira eta bukaera ekitaldia frontoian izango dute. Bertan, gaztaina erreak eta konpota jateko aukera izango da.AltsasuOrain dela 2 urte sortu zen Egubera taldea Altsasun eta joan zen urteko arrakastaren ondoren, aurten, atzera ere, egitarau oparoa prestatu dute.Bihar goizean Foruen plazan Mari Domingiren bisita izango dute, eta herriko haurrek eskutitzak emateko aukera izango dute. Festa giroan Zumalakarregi plazara kalejira egingo dute.Arratsaldeko 17:00etan jarri dute hitzordua altsasuarrek plazan kalejiran Dantzalekuraino joateko. Bertan harrera egingo diote ikazkinari eta, atzera ere, herrira bueltatuko dira. 18:00etan, bigarren harrera egingo zaio Txitxarroren etxean, eta herriko dantzariek dantza bat eskainiko diote. Kalejiran ibiliko dira herrian barna, fanfarre, txistulari eta kantariekin. Zumalakarregin txondorra prest izango dute eta Olentzerok bere lanbidea nolakoa den azalduko du.Egubera taldeko Jose Luisek eta Joxeanek azaldu bezala, haien helburua herriko ohiturak berreskuratzea da. Honela, Iortia plazan mihura banatuko dute, San Juan bezperan erre dezaten. Olentzeroren kalejira Foruen plazan despedituko da. Txalapartariek emango diote ongi etorria eta eskenatokian eseriko da ikazkina. Honela, neska-mutikoek Olentzerori haien kontutxoak kontatzeko aukera izango dute.Aste honetan Altsasuko neska mutikoen marrazkiak ikusteko aukera izan da Iortia Kultur gunean. Altsasuko 3 ikastetxeetako eta Koldo Arnanz eta Itziar Nazabalen ikasleek parte hartu duten lehiaketako marrazkiak ikusgai izan dira. 200 parte hartzaile baino gehiago izan dira aurtengo edizioan eta dagoneko haietako hirurekin kartela egin dute. Ohore hori izan dutenak Gladi Jumbo Chaima, Jesus Alonso Delgado eta Ander Garisoain izan dira. UrdiainAspaldi egin zuten bilera Urdiainen Olentzerori ongi etorria prestatzeko. Guraso elkarteetako kideak, Junta Sozialeko kideak, herri etxeko zinegotziak eta herritarrak bildu ziren eta dagoeneko prest daukate egitaraua. Maite Aldazek Beleixe irratian esan bezala, "ez da aldaketa handirik aurreikusten baina sorpresaren bat egongo da". Aurten, nobedade bezala, Olentzero astoa eta bere laguntzailearekin etorriko da menditik. Hitzordua arratsaldeko 18:00etan jarri dute Bentan, eta ilundu bezain pronto, herriko txistularien laguntzarekin herrian barna ibilbidea egingo dute. Bi gurdi prestatu dituzte herriko gazteek egun honetarako. Ibilbidean zehar geldialdiak egingo dira herriko dantzari txiki eta helduen ikuskizunarekin gozatzeko.Bukaeran Olentzerok oparitxo bat banatuko die 10 urte arteko umeei eta ohiturak agintzen duen bezala, bukaeran ardo egosia eta pikuak dastatzeko aukera izango da. Edari eta jaki goxo hauek prestatzen 30 urtez aritu diren emakumeei ere ongi merezitako erreleboa eman nahi izan diete datorren urterako.IturmendiIturmendiko haurrak herriko plazan bilduko dira bihar arratsaldean, Olentzeroren zain. 19:00ak aldera iritsiko da ikazkina gurdi dotorearen gainean. "Horra, horra, gure Olentzero" kantuan harrera egien diote iturmendiarrek. Ondoren, kalejiran abiatuko trikitilariekin batera. Herriko buelta eman eta gero, pilotalekuan bilduko dira herritarrak. Bertan, intxaurrak eta ardo egosia izanen banatuko dute. Olentzero agurtu aurretik, herriko gazteek zarea zozketatuko dute. Bakaiku Bakaikuko gazteek antolatzen dute Olentzeroren ongi etorri festa. Ikazkinaren bila atera aurretik, 17:00etan, txokolatada izanen da Bakaiku elkartean. Bertan ongi berotu eta 18:00ak aldera plazara aterako dira, Olentzerori harrera egitera. 8-10 urteko herriko haur batek eginen du Olentzeroren papera, ilusioz gainezka.Herriko akordeoilariekin batera Olentzerori kantatu ondoren, egurrezko plataforma batera igoko da Olentzero, eta lau herritarrek bizkar gainean eramanen dute kalejiran. Herriko txoko guztiak errepasatuko ditu ikazkinak, gauerako bidea ikasteko: Bideberrialde, erdigunea, herriko goiko aldea, plaza... eta ondoren, elizatik beheko basoko baserrietara abiatuko dute. Han agurtuko dute Olentzero. Ibilbidearen ondoren, bakaikuarrek, atzera ere, sabela betetzeko aukera izanen dute.Etxarri AranatzEtxarri Aranazko haurrek etxez etxe "pazkuen amores" eskean hasiko dute eguna. Arratsaldean, 17:00etan, Aldapasoro auzoko azken etxean bilduko dira Olentzeroren zain. Txokolate bero-beroa hartu bitartean, haurrak, urduri, Aritzalkoko basora begira ariko dira. Antortxen su erreinuek iragarriko dute Olentzero badatorrela. 17:30 aldera iritsiko da ikazkina. Etxarriarrek dantza eta kantuekin eginen diote harrera. Olentzerok, gurdira igo eta su-ondoan hartuko du atsedena. Haren atzetik, kalejiran, herrirako bidea hartuko dute etxarriarrek, txistulariek eta trikitilariek lagunduta. Kantu eta musika artean herriko plazara iritsiko dira. Bertan, omenezko dantza eginen diete herriko dantzari txikiek. Eguraldiak laguntzen badu, aurten, Olentzerok plazan bertan banatuko ditu gozokiak. Bertan bilduko diren haur eta gurasoen eta tabernaz taberna dabiltzan herritarren artean, jai giroa nagusituko da Etxarriko plazan.LizarragaNondik etorriko da Olentzero? Menditik, Dorrao aldetik, Etxarritik... Zalantza hori izaten dute urtero lizarragatarrek, urtero leku ezberdinetik baitator. 18:00ak aldera adi-adi egonen dira herritarrak, Olentzerori harrera egiteko prest. Eliza atean gurdia zain izanen du ikazkinak. Gauerako indarrak berreskura ditzan, su bero-berorik ez zaio faltako. Trikitilariek lagunduta, kalejira eginen dute lizarragatarrek. Bidean zenbait gozoki botako ditu Olentzerok eta dantzatzera eta abestera animatuko denik izanen da. Herriari buelta eman ondoren, Azi-iturri elkartera itzuliko dira. Bertan, pastak eta kakahuesak izanen dituzte. Dorrao eta Unanu Lezizatik barna, San Pedro bidetik iritsiko da Olentzero Dorraora. 18:00etarako zain izanen ditu bertan herritarrak, harrera beroa egiteko prest. Traktorera igo, eta Dorraoko plazaraino gidatuko dute ikazkina. Bertan, bere omenezko kantuak entzun ondoren, gozokiak banatuko dizkie txikienei. Pastak ere izanen dira. Jarraian, Unanurako bidea hartuko dute, batzuek oinez, eta autoz besteek. 19:00ak aldera iritsiko dira Beriainpeko herrira. Kantuan eta musikarekin kalez-kale, herriko plazara iritsiko dira. Bertan, atzera ere, gozokiak eta pastak banatuko dituzte. Txikienek Olentzerori gutunean ahaztutako eskaerak egiteko azken aukera izanen dute. ArbizuBihar iluntzean Arbizuko kale nagusia goitik behera zeharkatuko dute herriko haurrek, Olentzero bertan dela iragartzeko. 19:00ak aldera plazan bildu eta, musikaz lagunduta, errepide nagusi aldera jaitsiko dira. Aralartik jaitsi berri, trenbide aldetik iritsiko da Olentzero astoarekin, neka-neka eginda. Arbizun deskantsatzeko behar duen goxotasuna aurkituko du. Ikazkinari harrera beroa eginen diote trikitilariek lagunduta. Ondoren, gurdian igota, Akerruntza eta beheko auzoa zeharkatu, eta plazara itzuliko dira. Bidean gozoki eta gaztainen arrastoa utziko du Olentzerok. Plazatik Argi-Bidea gazte elkartera joko dute. Bertan ikazkinak opariak banatuko dizkie txikienei. Ongi portatu direnei, noski. Gainerakoei ikatza.  Lakuntza Lakuntzako gazteek eta haurrek Biltoki elkartea apainduko dute bihar goizean, arratsaldean Olentzerok polit-polit aurki dezan. Arratsaldean, ohi baino beranduago bilduko dira lakuntzarrak, 18:30 aldera. Antolatzaileek ibai aldera Olentzeroren bila joateko deia egin dute. Ohituragatik, baliteke aurretik jendea ludoteka inguruan biltzea. Bertatik, Abarrategi kalean behera, ibai aldera joko dute. Bertan, dantzariek eta baserritarrez jantzitako haurrek ongi etorri beroa eginen diete Aralartik jaitsi berri diren Olentzero eta Mari Domingiri. Jarraian, ikazkina eta laguna Lakuntzako herrian barna kalejira egitea gonbidatuko dituzte. Elai-Alai dantza taldeko dantzariek eta fanfarreak alaituko dute ibilbidea. Tarteka, geldialditxoetan, Elai-Alai taldearen dantzez eta Lakuntzako abesbatzaren kantuez gozatzeko parada izanen da. Ibilian-ibilian, Biltokira iritsiko dira. Bertan, gaztainak eta txokolatea banatuko dituzte. Olentzerok haurrei bere istorioa kontatuko eta gero, opariak banatuko ditu. Gazteek jakinarazi digutenez, beste sorpresaren bat ere izanen da. Bihar arratsaldean argituko da. ArruazuItur-gain elkarteko kideak arratsaldeko 18:00etan elkartuko dira Olentzeroren bila joateko. Aritz Ganboak Beleixe irratian adierazi zigun Beriain aldetik etorriko dela Olentzero, ubeldetik, eta   zubian itxoingo diotela arratsaldeko 19:30ak aldera. Arbazuko gazteek ekarriko dute Olentzero eta oinez, kalez kale, herrian barna ibiliko dira abesten bidean zehar, edadetuei eta gaixo daudenei opariak emanen dizkielarik. Ibilbidea Itur-gain elkartean amaituko da eta bertan ikazkinak opariak banatuko  dizkie haurrei. Bertaratzen diren guztiendako gaztaina erreak banatuko dituztela ziurtatu zigun. Uharte ArakilUharte Arakilgo Olentzero batzordea Galtz Orratz dantza taldeko kideek eta herriko gurasoek osatzen dute eta Beleixe irratian batzorde horretako Iñaki Retegik kontatu zigun gaurko egunarekin herrian izaten dutena eta bihar Olentzerori ongi etorria nola egingo dioten.Gaur arratsaldeko 17:00etarako Iruñeko Sanduzelai auzoko hainbat guraso eta  beren seme-alabak  trenez etorriko dira Uhartera Olentzerori bisita egitera. Antolatzaileek  frontoia alokatzen dute urtero, euria eginez gero  han egon daitezen, eta  elkartea ere uzten diete txokolatea prestatzeko. Haiekin batera hainbat uhartear ere San Migel aldera joaten dira txistulari, gaitero eta trikitiaren doinuekin alaiturik. Handik jaitsi eta herrian biltzen dira txokolatea edatera eta 19:00etarako Iruñerako bidean jartzen dira. Olentzerori merezitako agurra egiteko dena prest dute uhartearrek aspaldi. Eguna goizeko "paskuan amores"ekin hasiko da, etxez etxe bildutako goxoki eta dirua gero haurren artean banatzeko. Eguerdian "paskuan amores"ean eskean ibili direnak, baita joaldunak ere, Mari Sol tabernan  bilduko dira bazkaltzera.Eta arratsaldeko 18:00ak aldera Beriain aldetik Olentzero Uhartera hurbilduko da, aurten berrikuntza batekin, Beñatek Beleixen esan digun bezala, Mari Domingik lagunduko baitu Olentzero.Txalaparta eta joaldunen zintzarri soinua entzun bezain pronto kalejirari ekingo diote. Ibilaldia frontoian amaituko da eta bertan dantzariek aurreskua dantzatuko dute, baita dantzari txikiek ere.Gaztetxoek goxokiak jasoko dituzte eta gainontzekoek gurasoek prestatutako ardo egosia edateko aukera izango dute.Irañeta17:00etan haurrekin txokolatada egingo dute irintarrek ondoren Olentzeroren bila joateko. Herriko sarrerako autobus geltokian itxarongo dute ikazkina baina ez da autobusez iritsiko, asto gainean baizik. Floren Berazak esan bezala, aurten egitaraua gizendu dute eta aldaketa batzuk ere proposatu dituzte. Honela, talde batek olentzeroren kantak entsaiatu eta bihar herrian bueltan haien dohaia erakutsiko dute. Aurten nobedade bezala txalapartariak izango dituzte baita ere. Manolo astoak gurdian herritar guztiendako opariak eramango ditu eta kalejira bukatzerakoan, oletzerok opari banaketari ekingo dio. Elkartean prestatu duten txistorradarekin bukatuko dute aurtengo egitaraua.Ihabar Eguzkia Aizkorri atzean estaltzearekin batera, 18:30 aldera iritsiko da Olentzero Ihabarrera. Andia aldetik jaisten da gurdi gainean. Ihabartarrek gogoz erakusten diote herria kalejiran, txistuarekin batera. Herriari buelta eman ondoren, plazara itzuliko dira. Bertan zakua hustuko du Olentzerok. Opari polit-politak banatuko ditu herriko haurren artean. Eguraldiak laguntzen ez badu, Kontzejuko etxean amaituko dute festa.  Satrustegi eta HiriberriSatrustegin eta Hiriberrin elkarrekin ospatuko dute ikazkinaren etorrera. Bi herrietako lagunek txokolate bero-beroa hartuko dute Satrustegiko elkartean 17:30ean. Ondoren, 18:30ak aldera, Olentzerori harrera egitera aterako dira. Ikazkin tripa handia gurdira igo, eta Hiriberrirako bidea hartuko dute. Kantuz eta dantzan iritsiko dira bertara, eta herriko karrikak zeharkatu ondoren, Hiriberriko Txitera elkartean agurtuko dute ikazkina. Elkarteko kideek prest izanen dute otamen goxo-goxoa, bertaratzen diren guztiendako. Zuhatzu Mendiaren magalean egonik, zuhatzuarrek ohi baino lehenago jasotzen dute Olentzeroren bisita. Atzo, 18:00ak aldera iritsi zen ikazkina Arakilgo herrira. Herritarrak bere bila jaitsi ziren bideberrira, eta ondoren, kalejira egin zuten herrian barna akordeoilariarekin batera. Izan zen kantatzera eta dantzatzera animatu zenik. Ondoren, elkartean sartu ziren guztiak. Bertan, Olentzerok opariak banatu zituen, eta guztiek indarrak berreskuratu zituzten otamen bikainarekin.EtxarrenBeñat Jauregik Beleixe irratian eginiko adierazpenengatik jakin dugu, ikazkina Etxarrenera oso goizter etorriko dela, izan ere arratsaldeko 16:30etarako Urritzola aldetik hurbilduko da eta herrian bertan eginen diote harrera. Agurtu eta, musika lagun, kalez kale ibiliko dira etxarrendarrak Olentzerorekin batera. Ikazkinak pilotalekuan banatuko ditu opariak; etxarrendar bakoitzak berea jasoko du. Ondoren helduendako auzatea eta haurrendako txokolatea ez dira faltako.Etxeberri Etxeberriarrek joan zen larunbaten izan zuten Olentzeroren bisita. Ikazkina gutunak jasotzera jaitsi zen Arakilgo herrira, Mari Domingirekin batera. Etxeberriarrek harrera polita egin zioten Atarrabiako abesbatzaren laguntzarekin. Elurtuta zegoen menditik hoztuta etorri zen ikazkin gaixoa, eta hortaz, arakildarrek elkartearen berora eraman zuten. Bertan, indarrak berreskuratu zituzten gaztaina erreak, txistorra eta urdaiarekin. Musikak eta Olentzeroren omenezko abestiek ez zuten huts egin. Esker onez, ikazkinak gozokiak banatu zituen. Festa amaitzeko, etxeberriarrek lagun ikusezinaren opariak banatu zituzten. IrurtzunJoan zen urtean bezala, Irurtzungo haurrak adar eta zintzarriekin aterako dira kalera bihar arratsaldean. Haien deia entzunda, 18:30ean iritsiko da Olentzero Irurtzungo Plazaolako zubira. Paraje polit horretan eginen diote ongi etorria ikazkinari. Irurtzungo zenbait kolektibok gehienak bertan izanen dira: Iskidi taldeko joaldunak eta pertsonaia mitologikoak, Orritz dantza taldea, txistulariak, gaiteroak, trikitilariak, akordeoilariak, musika eskolako fanfarrea, Irurtzungo koroa, Atakondoa eskolako guraso elkartea... Jai giroan, kalejira jendetsua eginen dute, tarteka-tarteka dantzatzeko eta abesteko geldituz. Herriari buelta eman eta gero, plaza iritsiko dira. Bertan Olentzerori abestuko prest egonen da herriko abesbatza. Gabon kantak, dantza herrikoiak eta Agur jauna ez dira faltako. Bitartean, gaztainak eta intxaurrak banatuko dituzte indarrak berreskuratzeko.