Porlandegiko langileek 11.195 euro eman dizkiote klinikari

Guaixe 2011ko abenduaren 28a

Langileek eta enpresak parte berdinean osatutako elkartasun funtseko dirua jaso zuen atzokoan Josefina Arregi Klinikak. Zentroa kudeatzen duen fundazioko buru Joaquin Arregik jaso zuen txekea. Aldamenean zuen Lourdes Diaz klinikako langilea, bera izan baitzen enpresara zuzendu zena laguntza eskatzeko. Haiekin batera Cementos Protlan Valderrivas taldeko zuzendari-laguntzaile Jose Maria Arakama Ioldi eta Susana Zelaia langilea izan ziren. Azken horrek proposatu zuen garilean Altsasuko klinikari bideratzea elkartasun funtsean jasotako dirua.  AdierazpenakArfe-Felipe Lezea fundazioko patronatuko buru Joaquin Arregik murrizketa garaian halako diru-laguntzak ongi etorriak zirela esan zuen. "Babes ekonomikoaz gain, gaitzaz hitz egiteko, klinikaren berri gizarteratzeko, hitz egiteko, zaintzaileek duten zamaz eta beste". Dirua eguneko zentroaren zerbitzu kalitatea bermatzeko erabiliko da. Portlandegiko zuzendaritzako kide Arakamak Felipe Lezea ezagutu zuela eta hark bizitakoa gogora ekarri zuen. Vicente Madozekin batera sortutako taldearen garrantzia nabarmendu zuen. Klinikaz aritzerakoan Arakamak azpimarratu zuen  "Altsasun dago baina Nafarroa guztirako zentro bat da. Nafarroa osoaren ardura da klinikak aurrera egitea, ez soilik Sakanarena". Porlandegiko eledunak esan zuen Josefina Arregi klinikaren gizarte lan garrantzitsua jarraitzeko ekarpena egitea talde guztiarendako pozgarria dela. Klinikako kudeatzaile Juan Manuel Vicentek beste enpresa batzuk adibide bera jarraitzera animatu zituen. Portlanden ekarpena eta jasotako guztiak eskertu zituen Vicentek. Euro solidarioaEkimen horretan Cementos Portland Valderrivas taldeko nahi duten langileek izena ematen dute. Hilero-hilero haien soldatatik euro bat funts batera bideratzen da. Kopuru jakin batetara iristen denean, enpresak langileek jarritakoaren pare ematen du eta dirua nori eman zehazteko prozesua hasten da. Taldeko langileek proposamenak egiten dituzte eta elkartasun diru ekarpena egiten duten taldeko langile guztien artean erabakitzen dute dirua nori bideratu. Bartzelona edo Sevillako beste egitasmo batzuen aldean langileen babes gehien Altsasuko klinikarenak jaso du eta, horregatik, atzokoan jaso ditu 11.195 euroak. Porlandegi taldeak langileak aurkeztutako sei proiekturen artean 35.000 euro inguru banatu ditu.