Gobernuak Altsasun kontsumitzaileen arreta bulegoa zabalduko du

Guaixe 2011ko abenduaren 26a

Iratxe kontsumitzaileen elkarteak "sare paralelo bat" sortzea leporatu dio gobernuariNafarroako eskualde buruetan kontsumitzaileen arretarako bulego bana zabalduko du gobernuak. Gainera, arbitraje-batzordea ere izanen da, Iruñera joan beharrik ez izateko. Hala jakinarazi zuen hilaren 15ean Nafarroako Gobernuko Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuko zuzendari Cesar Lopez de Diosek. Sare hori "arrazionaltasun, eraginkortasun eta kontsumitzaileekiko hurbiltasun irizpideak kontuan izanik antolatu da". Nafarroan gaur egun udalen menpeko 73 kontsumitzaileren arreta bulego daude (Sakanan 6, denak ere Iratxe kontsumitzaileen elkarteak kudeatuta). Gobernuak dio ordu gutxiko zerbitzua eskaintzen dutela. Hemendik aurrea Nafarroako Gobernuak bulego horien lana koordinatu eta funtzionamendurako beharrezko babes teknikoa emanen diela jakinarazi du Lopez de Diosek. Horretaz gain, bulegoendako erabilgarri izanen den web orri bat iragarri zuen. Iratxe kontsumitzaileen elkartea kontraLopez de Diosen dimisioa eskatu du Iratxe kontsumitzaileen elkarteak. Kontsumitzaileen defentsarako erakundetik ziurtatu dute udaletako Kontsumitzaileen Informaziorako Bulegoak (KIB) kenduta ez dela arreta zerbitzua hobetzen. Udaletako bulegoak kentzeak jendea gobernuaren bulegoetara mugiaraztea eta behartuko lukeela dio Iratxek. "Kontsumitzaileendako gastua eta adinekoak zerbitzua erabiltzeko zailtasunak". Kontsumitzaileen erakundeak nabarmendu duenez, "Iratxek kudeatzen dituen 72 bulegoei 7 bulegoko sare paralelo bat sortzea kontsumitzaileen dirua alferrik galtzea da. Udal guztiek, diru-laguntzarik gabe bada ere mantendu nahi dute". Iratxek gaineratu du haiena bezalako erakundeen kontrako "politika suntsitzailea" egiten ari dela Lopez de Dios. Bestetik, "udal politikan esku-hartzea" leporatu dio eta "kontsumitzaile eta erabiltzaileen kontra" aritzea ere. Pentsatzekoa da gobernuaren sareak ez duela gaur egun udaletako kontsumitzaileen arreta bulegoek egiten duten lana ordezkatuko. Hauek ezeren gainetik kontsumitzaileen interesak defendatzen baitituzte. Kontsumitzaileen inguruko legeak administrazioari eskumen hauek ematen dizkio bakarrik: legeak egin, enpresa eta administrazioei ikuskaritzak egin eta isunak jartzeko ahalmena. Sei udalerritanSakanako 6 udalek dute kontsumitzailearen arretarako bulegoa. Guztiek ere Iratxe kontsumitzaileen elkartearen zerbitzua kontratatu dute hura aurrera eramateko. Honako udal hauek dira: Arakil, Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutia. Elkarteak kontrakorik jaso ez duenez, guztietan zerbitzua segituko du.