Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hemendik aurrera argiteria publikoan neurriren bat hartu nahi duten udalek auditoria bat egitera behartuak daude. Hori gabe ez dute eraginkortasun energetikoan hobetzeko diru-laguntzarik jasoko. Halako auditoriak 3E Taldeak egiten ditu eta ibarrean bertan badira enpresak egiten dituztenak. Argiteria publikoaren auditoria zer den? Udalek dirua nola eta zertan gastatzen duten aztertzen da. Horretarako argiteri publikoko bonbilla guztiak aztertzen dira. Horren gainean, inbertsiorik egin gabe nola aurreztu daitekeen esaten du auditoriak (argindar enpresa hornitzailearen aldaketa esaterako). Bestalde, epe laburrerako inbertsioak aurreikusten ditu, baita epe luzerako izan daitezkeenak ere. Auditoriak egitea eskatzeko deialdia ilbeltzaren akabera arte zabalik dago, egiteagatik diru-laguntza jasotzeko aukera baitago. Tramitazioa aipatu taldeko enpresek egin dezakete. Bi adibideEtxarri Aranazko eta Bakaikuko Udalek egin dute argiteria publikoko auditoriak. Aurreneko kasuan, Zugarreta eta Burundabide kaleen arteko eremua aztertu zen, Bakaikuren kasuan herri guztia. Bietan egoki bada argindar konpainiaz aldatzea aztertuko dute. Horretaz gain, enpresei kontsumo errealaren araberako potentzia kontratatuko diete. Aldi berean, epe motzera aurreikusten diren neurrien artean zenbait bonbillen potentzia jaistea proposatzen du auditoriak. Baita fluxu murriztaileak eta kondentsadore botea jartzea ere. Bakaikuren kasuan neurri horiek 5.000 euroko aurrekontua dute eta urte batean 5.200 euro aurreztuko luke. Hau da, inbertsioa urte batean jasoko luke. Auditoria egiteagatik udal bakoitzak 2.900 euro ordaindu zituen, haietatik 1.500 diru-laguntza bidez jasoak.