Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udal eta kontzejuendako funtsaren zenbatekoa % 2,61 murriztu du gobernuak Toki erakundeek finantzatzeko Nafarroako Gobernuak jasotzen dituen zergen zati bat jasotzen dute. Funts horretan dagoen dirua biztanleriaren arabera banatzen da udal eta kontzejuen artean. Nafarroako Gobernuak aurten 167.842.261,83 euro banatu behar zituen, baina krisiagatik murrizketak egitea erabaki zuen. Udal eta kontzejuei eman beharreko kopurua murrizketen tartean sartu zuen foru administrazioak. Neurri horrekin 4.390.249,94 euro "aurreztuko" du Nafarroako Gobernuak. Udal eta kontzejuek gobernuaren dirua lau zatitan jasotzen dute. Azken transferentzian aplikatuko du murrizketa foru administrazioak. Beraz, urte akaberan espero baino diru gutxiago jasoko dute toki-erakundeek. Roberto Jimenez Alli kontseilariak guztiaren berri ematen duen Foru Agindua asteazkenean argitaratu zuen Nafarroako Aldizkari Ofizialak. Sakanako udal eta kontzejuek 138.948,89 euro gutxiago jasoko dute. Ibarreko toki-erakundeen bestelako diru-iturriak behera egin dute azken urteetan finantza krisiaren ondorioz. Nafarroako Gobernuaren erabaki horrek ezuste nabarmena sorrarazi die. Izan ere, espero zuten diru bat ez dute jasoko eta horrek aurrekontuak desorekatu egin dizkie. Toki-entitateetako arduradunek heldu den urtean murrizketak segida izanen duen beldur azaldu dira. Aldi berean, udal eta kontzejuendako bestelako finantzazio sistema bat aldarrikatu dute.