Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Trakatan, trakatan hiru errege, Trakatan, trakatan... Sakanara. Zaldi gainean, gurdian edo oinez, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Sakanara iritsiko dira ilbeltzaren 5ean, ostegunean. Irurtzundik Ziordira kabalgata ugari prestatu dira hiru erregeei harrera egiteko. Irurtzun Meltxor, Gaspar eta Baltasar arratsaldeko 18:30ean iritsiko dira Irurtzunenera. Matxain jatetxearen parean zain izanen dira herritarrak. Irurtzundarrek ohi baino aurrekontu txikiagoa izan dute, baina hala harrera beroa prestatu dute. Erregeen karroza eta opariz beteriko gurdia San Martin kalean gora abiatuko dira kalejiran, irurtzundarrek lagunduta. Tahona parean geldialdia eginen dute, Herodesen gazteluari buruzko antzerkitxoa ikusteko. Amaitutakoan erregeek, atzera ere, kalejirari ekingo diote gabon kanta artean. Irurtzun alde batetik bestera eta goitik behera zeharkatu ondoren, elizara iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Eliza atean, Jesus haurtxoa gurtu, eta bildutako guztiak elizara sartuko dira. Han harrera eginen zaie hiru erregeei, herriko abesbatzak lagunduta. Txikienek erregeekin hitz egiteko eta opariak eskatzeko aukera izanen dute. Txintxo portatu direnek gozokiak jasoko dituzte. Uharte ArakilErregeen harrera prestatu duten uhartearrek Kabalgata-elkartea sortu dute. Gaur gaurkoan lau lagun daude taldean. Ilbeltzaren 5erako festa polita prestatu dute. Urtero bezala, Manuel Goikoetxearen zurgindegitik abiatuko da errege segizioa, 18:30ak aldera. Aurten, inoiz baino gurdi gehiago izanen dira: lehenengo batean jaiotza joanen da, hau da, Maria, Jose eta Jesus haurtxoa. Normalean, haien alboan joaten ziren jaunartzea egin behar zuten haurrak. 2012an ordea, ohi baino gehiago izanen dira, eta horregatik bigarren gurdi batean joanen dira aingeruz jantzita. Hirugarren eta azken gurdian eguneko protagonistak joanen dira: Gaspar, Meltxor eta Baltasar, pajeekin batera. Errege segizioak kalejira eginen du herriko alde zaharretik, Zerradoatik eta Itxesia auzoetatik barna. Handik bueltan, hiru erregeak elizan sartuko dira, Jesus haurtxoa adoratzera. Ondoren, txikienek erregeekin hitz egiteko eta goxokoak eskatzeko aukera izanen dute. Errege magoen omenezko abestiak ez dira faltako. Ekitaldia amaituta, erregeek herriko gaixo eta adinduak bisitatuko dituzte eta oparitxo bana emanen diete.LakuntzaArratsaldeko 19:00etan dute hitzordua jarrita lakuntzarrek. Erregeak zaldi gainean sartuko dira Lakuntzara, haien pajeak eta antortxadunak lagunduta. Horrela, elizako estalpean prest egonen den jaiotzara hurbilduko dira, Jesus haurtxoa gurtzera. Jaiotzaren ondoan animaliak izanen dira: astoa, txahalak, ardiak, txakurrak, ahuntzak, oiloak eta guzti, ekialdeko erregeen zain. Erregeek Jesus haurtxoa gurtuko dute eta bitartean parrokiako koruaren eta bildutako lakuntzarren kantuak entzun ahal izango dira. Horren ondoren guztiek eliza barrura joko dute, eta bertan Lakuntzako txikiek erregeen eskuetatik opariak jasoko dituzte. ArbizuHiru erregeak arratsaldeko 18:00etan aterako dira Arbizuko udaletxetik. Gurdi dotorearen gainera igota, arbizuar guztiak agurtuko dituzte. Opariz beteriko gurdiarekin batera kalejira eginen dute gabonetako doinu alaiekin. Herriari buelta emandakoan, 19:30ak aldera, elizara iritsiko dira. Bertan, hiru erregeek Jesus haurtxoa gurtuko dute. Ondoren, goxokiak banatuko dizkiete herriko haurrei eta bertaratzen diren jubilatuei. ErgoienaLizarragako haurrek goiz-goizetik iragarriko dute erregeak datozela fale hotsekin. 18:00ak aldera iritsiko dira Lizarragara. Globoz apaindutako gurdi dotorean herriko kaleak zeharkatuko dituzte Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek. Haiekin batera joanen dira Jesus haurtxoa, Maria eta Jose. Lizarragari buelta eman ondoren, gurdiak Dorraorako bidea hartuko du, haurrez beteriko kamioia eta zenbait kotxe atzetik dituela. 19:00ak aldera iritsiko dira Dorraora. Herritarrekin batera, kantuan eta dantzan plazara iritsiko dira. Herriko elkartean indarrak hartzeko aukera izanen dute. Jarraian Unanura joko dute. Bertako haurrak ere erregeak ikusteko irrikitan izanen dira. Unanuarrek herriko plazan agurtuko dituzte Meltxor, Gaspar eta Baltasar, pasta eta moskatel artean. Handik, atzera ere, Lizarragako bidea hartuko dute. Bertan, elkarteko sutondoaren epelean, prest izanen dute afari goxoa: zopa beroa, oilaskoa eta roskoa. Adin guztietako 100 bat erguendar bilduko dira bertan. Ezin parranda handiegirik egin, hurrengo eguneko meza nagusian erregeak agurtu nahi dituztenek ez behintzat.Etxarri AranatzEtxarriko haurrak faleekin eta karrakekin aterako dira kalera errege bezperan, erregeak datozela iragartzera. Arratsaldeko 19:00etan iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Herritarrak zain izanen dituzte elizako atean, bi gurdirekin. Lehenengoa hiru erregeendako eta haien pajeendako, eta bigarrena, Misterioarendako. Jesus haurtxoak, Mariak eta Josek antxumetxoak izanen dituzte alboan, haurren gozamenerako. Errege segizioak kalejiretako ibilbidea hartuko du. Kruzera iritsita, Iturri Eder aldetik herrirako bidea hartuko du atzera ere. Leteren etxetik eta parketik pasa ondoren, kultur etxean amaituko dute bira. Bertan, Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek gutun bana irakurriko dute. Bestalde, animatzen diren haur eta gazteek opariak eskatzeko aukera izanen dute. Jarraian, Etxarriko haurrek errenkadan jarriko dira erregeei muxu emateko. Trukean goxoki poltsa jasoko dute. Hurrengo egunean, ilbeltzaren 6an, Meltxor, Gaspar eta Baltasar meza nagusian egonen dira. Meza amaitutakoan zozketa eginen da. Aurreko hiru egunetan gabonetako ospakizun berezietan parte hartu duten haurren artean opariak banatuko dira.BakaikuIlbeltzaren 4an, asteazkenean, 17:30ak aldera, erregeendako gutunak jasoko dituzte Bakaikuko elizan. Gutunak irakurri eta opariak prestatu ondoren, hurrengo egunean iritsiko dira Bakaikura Meltxor, Gaspar eta Baltasar. 18:30erako bakaikuarrak zain izanen dituzte beheko baso aldeko herri sarreran. Hiru Erregeen, Misterioaren eta opariz beteriko gurdiek eta herritarrek kalejira eginen dute Bakaikuko akordeoilariekin eta herritarrekin batera. Elizan amaituko dute ibilbidea. Bertan, Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek opariak banatuko dizkiete herriko haurrei. IturmendiIturmendiko neska-mutikoak faleekin aterako dira kalera, errege magoei hoska. 16:00etan dute hitzordua, baina bat baino gehiago, urduritasunez etxean geldi ezinik, lehenago ateratzen omen da. Herriari buelta eman ondoren, 17:00ak aldera, film bat ikusteko aukera izanen dute. Jarraian, gorputza berotzeko txokolate goxoa izanen dute. Meltxor, Gaspar eta Baltasar 19:00ak aldera iritsiko dira Iturmendira. Herritarrak zain izanen dituzte plazan. Ongi etorria eman ondoren, herria erakutsiko diete bisitariei bereziei. Herriko pilotalekuan amaituko du bira. Bertan, Hiru Erregeek eta pajeek opariak eta goxokoak banatuko dituzte. Helduendako jan-edana ere izanen da. Bestalde, Eztanda irratiak zozketa eginen du. Altsasu Ekialdeko erregeen etorreraren iragarle izaten dira haien morroiak. Pajeak ilbeltzaren 3an, asteartean, iritsiko dira Altsasura, 6 laguntzailerekin batera. Arratsaldeko 19:00etan herriko txikien gutunak jasoko dituzte Burunda pilotalekuan. 600 bat haur espero dituzte. Guztiek oparitxoren bat jasoko dute. Pajeek iragarri bezala, hiru errege magoak ostegunean iritsiko dira Altsasura. Fale-erregeak erakutsiko die bidea. Arratsaldeko 18:00etan aukeratuko dute Foruen plazan. Handik Lanbide Heziketako ikastetxe aldera joko dute herritarrek, handik etorriko baitira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, 19:00etan. Hiru erregeen segizioak Altsasu zeharkatuko du kale hauetatik barna: Zelai, Isidoro Melero, San Joan, Burunda, Nafarroa, Altzania, Bakea, Zumalakarregi (Herodesen antzezlana), Bakea, Gipuzkoa, Erkuden, Frontoia, Iortia, Gartzia Ximenez, Foru plaza (gurtzea), Gurutze Saindua, Zubeztia (aingeruaren agerkundea) eta San Joan. Pasarte antzeztuetan erregeek, Altsasuko antzerki tailerreko kideek eta zenbait herritarrek parte hartuko dute. Esan digutenez, krisiak errege magoek ere krisiaren eragina nabaritu dute, baina hala ere ziurtatu dute ez direla gozokiak faltako. Ibilbide osoan zehar banatuko dituzte. Kaputxinoen egoitzan agurtuko dituzte altsasuarrak. OlaztiOlaztiko kabalgata taldeak azaldu digunez, aurten inoiz baino zailtasun handiagoak izan dituzte hiru errege magoek merezi duten harrera prestatzeko, batetik, jende faltagatik, eta bestetik, erregeen karroak prestatzeko toki faltagatik. Herritarrei laguntzeko deia egin diete. Zailtasunak zailtasun, betiko moduan, Olaztin erregeen kabalgata dotorea egitea espero dute. Gauzak espero bezala badoaz, erregeen pajea izanen da Olaztira iristen lehena. Olaztiko kultur etxera iritsiko da ilbeltzaren 1ean, domekan, 18:00etan. Erregeen etorrera iragarriko du eta herritarrek idatzitako gutunak jasoko ditu. Egun handia ilbeltzaren 5ean, ostegunean, iritsiko da. Meltxor, Gaspar eta Baltasar kultur etxetik aterako dira, arratsaldeko 18:00ak aldera. Errege bakoitza bere karrozan joanen da, pajeak eta antortxadunak alboan dituztela. Ohiko ibilbidea eginen dute: eliz aldera jaitsi, eta Sancti Spiritu kaletik Kale Nagusira. Hortik herriko goialdeko auzoetara joko dute, Larratxotatik, San Sebastian auzo aldera. Han buelta hartu, erdigunera jaitsi eta herriko frontoian despedituko da ibilbidea. Han neska-mutikoek erregeekin hitz egiteko aukera izanen dute. Gainera, litekeena da jubilatuek prestatutako txokolate bero-beroa dastatzeko aukera izatea. Hori bai opari ona!ZiordiaHiru Erregeak 19:00etan iritsiko dira Ziordira, Olazti aldetik. Ordurako zain izanen dituzte ziordiarrak harrera beroa egiteko prest. Trikitixak lagunduta kalejira eginen dute herriko karriketan barna. "Gurdia hondatuta dago, baina aurkituko dugu erregeak garraiatzeko moduren bat: zaldiak, astoak... ikusiko dugu" jakinarazi digute antolatzaileek. Errege segizioa elizaraino iritsiko da. Bertan Jesus haurtxoa gurtuko dute. Ondoren, haurrek erregeekin egoteko aukera izanen dute: gutunak irakurri, musutxoak eman eta, gaueko oparien aurrekari, gozokiren bat edo beste jasoko dute. Elizatik aterata, erregeek eta ziordiarrek mojen etxerako bidea hartuko dute. Bertako gaixoak bisitatu, eta datorren urtera arte agurtuko dituzte erregeak.