Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Udalak, Sakanako Mankomunitateak eta Bierrik fundazioak Euskara sorkuntzari, sorkuntza euskarari hitzarmena sinatu zuten joan zen astean. Haren bidez, euskaraz sortutako kultur ekoizpenak bultzatu nahi dituzte. Lehen urte honetan Sakandarrekin lotura berezia duten bi euskal film eskainiko dituzte Altsasuko Iortia kultur gunean: Imanol Rayoren Bi anai film saritua eta Gartxot animazio filma.Bi anaiHitzarmenak utziko duen lehen fruitua Bi anai filmaren emanaldia izanen da. Imanol Rayoren lehen filma datorren astean iritsiko da Sakanara. Arbizuko zuzendariak prentsaurrekoan esan zuenez, Bi anai "ez da ohiko filma: elkarrizketa urriengatik (14 minutu), estiloagatik, formagatik, aktoreen lehortasunagatik...". Euskal zinema nahiko kostunbrista izan dela adierazi zuen. Berrikuntza osasungarri delakoan, Imanol Rayok nortasun bereziko filma egin du; "filma horrela izan behar zen edo ez zen izango" adierazi zuen. Arbizuko zuzendariak jakin bazekien Bi anai filma "komertzialki motza" zela, baina zenbait gehigarri ere bazituen: Atxagaren nobelan oinarrituta egoteak ematen duen izena eta Donostiako Zinemaldian jasotako Zinemira saria. Bultzada hori esker "takilan ongi funtzionatu du". Filma Altsasun eskaintzea polita izanen dela esan zuen, "zenbait sakandarrek parte hartu baitzuten: Mikel Goñik, Edorrek, zenbait musikarik...". Joan zen urtean euskal zinemak fruitu bikainak eman dituela adierazi zuen; "bereziki eskertzekoa da ETBren babesa". Krisiaren aitzakiarekin horrelako egitasmoak alde batera ez uzteko deia egin zuen.GartxotHitzarmenak Asisko Urmenetaren eta Juanjo Elordiren Gartxot filma ekarriko du ilbeltzeko azken asteburuan. Animazio filmeko marrazkigileen artean zegoen Jose Mari Morcillo Morkots. Altsasuarrak azaldu zuenez, "Asiskoren zirriborroak filmerako prestatu nituen, eta dekoratuak eta animazio lana egin nituen". Altsasuko marrazkigileak azpimarratu zuen Gartxot filma osorik Euskal Herrian egin dela, "hori ez da ohikoa animazio filmetan". Somuga produktuak etxearen apustua nabarmendu zuen. Lan talde horretan egotea "oso aberasgarria" izan zela esan zuen. Gartxot animazio filma euskal kulturari lotuta dago eta euskaraz egin da. Gartxot Itzaltzuko bardoaren istorioa historian urrun xamar geratzen bada ere, "gertutasun handia" du. "Tamalez euskarak Nafarroan normalizatu gabe jarraitzen du" esan zuen Jose Mari Morcillok. "Sakandarrek erraz barneratuko duten istorioa da" gehitu zuen.Altsasuarrak filma ikustera animatu zituen sakandarrak, "filmarekin gozatzera eta hunkitzera". Gainerako sakandarrekin batera Iortia kultur guneko besaulkian eseriko zela adierazi zuen. Euskal kulturaren bultzatzaileAltsasuko Udalak, Sakanako Mankomunitateak eta Bierrik fundazioak, bakoitzak bere esparruan, euskara sustatzen dute. Horren barruan garrantzitsuak dira euskaraz sortutako kultur ekoizpenak. Helburu horrekin bat egin dute hiru entitateek Euskara sorkuntzari, sorkuntza euskarari hitzarmenarekin.Horrez gain, euskal hedabideak bultzatzeko interesa ere badute. "Bierrik fundazioak esfortzu galanta egiten du Guaixe eta Beleixe aurrera ateratzeko" esan zuen Ruben Imazek. "Sakanan ezinbesteko diren Guaixe eta Beleixe laguntzeko ekarpena egin nahi izan dugu: bi filmeen sarrera bakoitzeko euro bat Bierrik fundazioarendako izanen da" azaldu zuen Maite Aldazek. Ainhoa Urretagoienak esker hitzak izan zituen, "Nafarroako Gobernutik jasotzen ez den babes bila herritarrengana jo behar dugu". Sakandarren jarrera eskertu zuen.EUSKARA SORKUNTZARI, SORKUNTZA EUSKARARIBi anai. Ilbeltzaren 20an, ostiralean, 21:45ean, eta 22an, domekan, 20:10ean.Gartxot. Ilbeltzaren 27an, ostiralean, 21:45ean, eta 29an, domekan, 20:10ean.GUAIXE-BELEIXEren aldeSarrera bakoitzeko euro bat Bierrik fundaziorako izanen da.