Sakandar ugari Bilbon

Guaixe 2012ko urtarrilaren 10a

Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira leloa zuen manifestazioak jendetza bildu zuen larunbatean Bilbon. Egin Dezagun Bidea talde antolatzailetik 110.000 pertsonatik gora bildu zirela esan dute eta "Euskal Herriak hitz egin" duela gaineratu. "Preso politikoen aferari serio heltzeko garaia da" taldeko kideen ustez. Espetxe politika konponbidearen gakoetako bat dela gaineratu zuten.Egin Dezagun Bidea taldeko kideek Espainiako eta Frantziako gobernuei espetxe politika "ankerrarekin" bukatzeko eskatu diete.  Mobilizazioa babestu ez zutenei erantzukizunez aritu eta urratsak egiteko eskatu diete. Azkenik, Egin Dezagun Bidea taldeak ohartarazi du "herritar guztien ekarpena beharrezkoa" dela eta "presoen eskubideen aldeko presioa antolatzen jarraitzeko" deia egin dute.GehiagoEkimeneko kide Fran Baldak Beleixe Irratian (FM 107,3)"gaineratu duenez, "ezin gara horretan gelditu". Ekimenak gauza gehiago antolatuko baditu ere, Baldak esan zuen herrietan egin behar den lanean dagoela gakoa. "Herriak ongi antolatu behar dira, larunbateko indar guzti horri tresnak eskaini behar dizkiogu". Sentsibilizazioa badagoela iritzita, Baldak "guztiok antolatu eta sortzen ari garen uholdea ez dadila gelditu eta jendeak lanean jarrai dezala" eskatu zuen. Arbizuarrak azpimarratu duenez, "gure lanaren gainean ere badago preso eta iheslariak etxera ekartzea".Baldak gaixo larriak eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten presoak askatzeko eskatu zuen. Horien artean daude Bautista Barandalla eta Jesus Mari Mendinueta. Bizi osorako zigorra aplikatzen duen doktrina eta espetxeetako isolamendu politikak indarrik gabe gelditzea eskatzearekin batera, ekimeneko kideak presoen Euskal Herriratzea aldarrikatu zuen.16 autobusBilbon makina bat sakandar izan ziren. Auto ugari abiatu ziren ibarretik, baita autobusak ere: Arakildik 2, Lakuntzatik 1, Arbizutik 1, Etxarritik 2, Bakaiku, Iturmendi, Urdiainen 2 osatu zituzten, Altsasun 5, Olaztin 2 eta Ziordian 1. Aurretik Sakanan ere hainbat mobilizazio egin ziren, esaterako hilaren 2an, Sasoiak deituta 32 pertsonak kontzentrazioa egin zuen Etxarri Aranatzen.