Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Halaxe onartu zuen atzokoan Nafarroako Turismo Kontseiluak Iruñean egindako bileran. Nafarroako Turismo Intereseko festak izendapena ematen da "originaltasunagatik, tradizioagatik edo balio soziokulturalengatik turismoa susta dezaketen ospakizunak foru erkidegotik kanpo ezagutzera emateko".Izendapenak, beraz, jaien alderdi turistikoari ematen dio garrantzia eta Nafarroa turismorako leku gisa sustatzea du helburua. Hemendik aurrera bi festek jaso berri duten aitortza hori sustapen jardueretan erabiltzeko aukera izanen dute. Gainera, meritu izango da foru administrazioak ematen dituen laguntzak jasotzeko garaian.Uharte Arakil Aralar Mendi elkartea arduratzen da Artzain Eguna festaren antolaketaz. Jose Mari Ustarroz da batzorde antolatzaileko kide eta berak izendapena "garrantzitsua" dela esan digu. "Estrategikotzat" ere jo du eta, horregatik, berria pozik hartu du. "Elkarteak antolatzen du Artzain Eguna, eta elkarteak egin zuen izendapen eskaera. Baina herri guztiaren izenean eskatu dugu", azaldu digu Ustarrozek.Ospakizunaren inguruko zehaztapen guztiak jasotzen zituen txostena aurkeztu zuen elkarte uhartearrak. ""Zergatia, guretako duen esanahia" eta beste azaldu zituzten eta horrek izendapena ekarri du.Artzain Eguna Nafarroako Turismo Intereseko festa izendatzeak laguntza batzuk jasotzeko bidea emanen duela uste du Ustarrozek. Bitartean agorrilaren 26an ospatuko den egunaren prestaketekin hasia dago Aralar Mendiko batzordea. "Lehen dokumentuak abendu akaberan aurkeztu genituen. Antolaketan bakarren batek lagundu nahi bagaitu, ongi etorria izanen da".AltsasuIturen eta Zubietakoak zutela jakinda, Ihote Batzordeak izendapena lortzeko dokumentazioa prestatu zuen eta Altsasuko Udalari aurkezteko eskatu zion. Besteak beste ihotearen historia, esanahia eta parte hartzearen berri ematen den txostenak eman dio izendapena Altsasuko ospakizunari.Ihote Batzordeko kide Enrike Zelaiak "poz-pozik" hartu du aitortza. "Hori bai, horretaz gain diru-laguntza bat ekarriko duela espero dut". Zelaiak azaldu digunez, batzordeak hainbat egitasmo ditu, "baina diru faltagatik ezin egin gaude. Hor ibiltzen gara ferietan eta postua jarriz dirua atera ahal izateko".Batzordearen ideia horietako bat litzateke ihotea sustatzeko web orri bat eta liburu bat argitaratzea. Artxibo bat sortzeko asmoa ere bueltaka dute, "sakabanatuta dagoen materiala bildu eta horrela ihotea etorkizunerako lotuta uzteko, jarraipena izan dezan". Horiek eta beste batzuk dira aurrera eraman nahi dituenak Ihote Batzordeak. Bitartean asteazkenero biltzen jarraitzen du aurtengo ospakizuna behar bezala prestatzeko.