Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iruñeko Orfeoiak eta Fura dels Bausek Carmina Burana kantata eraman dute Kanarietara. Proiektuarekin bat egin dute Kanaria Handiko Orkestra Sinfonikoak eta honen koruak. Elkarrekin Kanarietako 28. Nazioarteko Jaialdiko kontzertu nagusia eskaini zuten Pedro Halffter zuzendariaren aginduetara. Carl Orffen kantataren bertsio bereziak ikusmira piztu zuen, eta Las Palmaseko auditorioko sarrera agortuta zeuden zenbait egun lehenago. Igor Ijurra etxarriarrak zuzentzen duen abesbatzak espektatibak bete zituen, eta ikusleak pozez txoratzen geratu ziren. 5 minutuko zaparradaren ondoren, azken aktoa errepikatu zuten. Bukaeran mila ikusleak zutik jarri zituzten. Igor Ijurrarekin batera, zenbait sakandar daude Iruñeko Orfeoian. Asteburuan, ilusioz gainezka, Kanarietako bidea hartu zuten Javier Artiedak, Pedro Lizarragak, Leandro Garziandiak eta Tere Floresek. Obra honetan abeslari ez ezik, aktore ere bilakatzen dira. Igor Ijurra etxarriarrak "obraren gogortasuna eta eszenaratze bereziaren zailtasun erantsia" nabarmendu zituen. Hala ere, "poz handia" adierazi zuen obrak orain arte leku guztietan izan duen harrera paregabeagatik.Iruñeko Orfeoiak gaur Teneriferako bidea hartuko du. Adan Martin auditorioan ere sarrerak agortuta daude.