Imanol Rayoren zinema ikastaroa Iruñean

Guaixe 2012ko urtarrilaren 19a

Iruñeko Udalak, INAAC Fundazioarekin elkarlanean, zinemari buruzko ikastaro bat antolatu du Iruñean, Nafarroako Liburutegiaren eta Filmotekaren eraikinean (Antonio Perez Goyena pasealekua, 3), urtarrilaren 31tik martxoaren 13ra. Ikastaroaren izenburua Zinemagintzaz zuzendariekin da. Imanol Rayo eta Asier Altuna zinemagileek emanen dute. Sormen Tailerrak Euskaraz ekimenaren barruan dago eta, hortaz, euskaraz da. Bina orduko sei saio izanen dira, ilbeltzaren 31tik aurrera, astearteetan. Izena emateko epea urtarrilaren 20an itxiko da (sormentailerrak@global-sc.net).Asier Altuna gidoilaria da eta, besteak beste, Aupa Etxebeste eta Bertsolari filmen egilea. Gipuzkoar zinemagileak sormena izanen du solasgai; zer egin sormena aktibatzeko, nola kudeatu, eta ideiak, irudiak eta hitzak nola elkartu, zerbait berri sortzeko. Imanol Rayo sakandarrak, berriz, saioak hiru pelikularen inguruan antolatuko ditu: Mouchette (Robert Bresson), Zerkalo (Andrei Tarkovski); eta haren lehen film luzea: Bi Anai. Saioa hasteko, Rayok filma aurkeztuko du, lanaren ezaugarri nagusiak azpimarratzeko eta, filma ikusi ondoren, guztien arteko solasaldia eginen da.