Altsasuko ume berpiztua

Guaixe 2012ko urtarrilaren 20a

Egun hauetan Euskal Herria doluz jantzi da. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Larresoro, Igara, Usako) irakaslea, hizkuntzalari eta iraultzailea joan zaigu. Duela urte batzuk, Durangon egin zen ekitaldi batean, Euskal Irakasleen Elkarteak Euskal Unibertsitatearen irakasle emeritua izendatu zuen, bera izan baita irakasle askoren irakaslea. Euskal hizkuntzalaritzaren historia ezin da ulertu bere lana kontuan hartu gabe, berak idatzi zituen liburuak euskal gramatikaren eta fonologiaren ikerketarako funtsezkoak gertatu dira ("Euskal Gramatika", "Euskal Fonologia"), baina haratago joan zen eta dialektologiaren alorrean ("Euskal Dialektologiaren Hastapenak") eta soziolinguistikarenean ere ("Euskal Herritik erdal herrira") bere jakituria hedatu zuen. Hizkuntzalaritzan aditua izateaz gainera, euskaltzalea eta idazlea ere bazen. Euskara ongi ezagutzen zuen, hizkuntzalaria zelako, eta jakituria hori baliatu zuen lan literarioetan bere maisutza erakusteko (Leturiaren egunkari izkutua 1957, Peru Leartzako 1960, Elsa Scheelen 1969... edo 2005ean argitaratu zuena, adio baten kutsua daukan Labartzari agur).Eta hizkuntzalaria eta euskaltzalea izateaz gainera, iraultzailea ere izan zen. Hori izan zen bere bekatua, Euskaltzaindiaren ateak itxi zizkiona. Iraultzaileegia omen zen politikoki zuzenak garen gizarte honetan onartua izateko. Euskalaririk hoberena, euskara hobekien zaintzen zuena, euskaltzain oso izatera ez zen inoiz ere iritsi. Ohorezkoa bai, urgazlea bai... baina euskaltzain osoa, ez. Euskaltzaindiak berrikusi beharko lituzke bertan sartzeko erabiltzen dituen baldintzak Txillardegiri gertatu zitzaiona, beste inori ere gerta ez dakion. Oraingo egoeran, adibidez, Sarrionaindiak berak ere ezin izango luke sartu. Txillardegi joan zaigun honetan Altsasuko ume berpiztuaren istorioa ekarri nahi dizuet gogora: Txillardegi bezala hil zen gaixoa, baina handik gutxira berpiztu ere egin zen, Txillardegi gure bihotzetan berpiztuko den bezala. Joakin San Roman 1651n jaio eta 1653an hil zen lehenengo aldiz. On Jose Maria Jimeno Juriok kontatzen duenez (Lan Guztiak, Altsasuko alean) umea hil ondoren altsasuarrak Otadiko ermitan batu ziren eta hango Santo Kristori eskatu zioten umeari itzul ziezaiola bizia. Fraide gazte batek, Juan Frai Santua deitzen zutenak, bere sotanako sakela batetik sagar gorri eder eta gozo bat atera zuen eta ermitaren erdiko korridoretik jaurtiki zuen biraka ibilaraziz, eta mutikoaren gorpuari kolpetxo txiki batzuk emanez, hauxe esan zion: "Hi Joakin, fan hadi lasterkan eta ekartzak sagarra!" Joakin altxatu zen eta lasterka joan zen sagarra ekartzera. Juan Frai Santuak, orduan, trankilo-trankilo jan zezan esan zion, horrenbeste denbora hilda egon ondoren goseak egongo zen eta. Jendea erabat harrituta zegoenez, inor ere ez zen konturatu haien artean gizon betaurrekodun bat bazegoela, gabardinaz jantzita eta txapela buruan. Hor ari zen libreta batean oharrak hartzen. Gertatutakoaz datuak biltzen ari zen, noizbait zeruan idatziko duen hurrengo nobela baterako. Juankar Lopez-Mugartza