Gurasoendako eskola antolatu nahi da

Guaixe 2012ko urtarrilaren 19a

Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak sustatuta, guraso eskola sortu nahi da. Jakitun dira gurasoek beldur eta zalantza asko izaten dituztela eta behin eta berriro ongi ari ote diren galdetzen diotela haien buruei. Horregatik, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak guraso eskolaren bidez adin txikikoak dituzten familientzako errekurtso bat eskaini nahi die, "eguneroko bizitzan agertzen diren arazoei aurre egiteko".Gurasoek beste familietan antzeko egoerak bizi direla eta seme-alaba guztiek antzera jokatzen dutela ikusteko aukera izanen dute. Guraso eskolakoa "esperientzia praktikoa eta baliagarria" izatea nahi dute antolatzaileek. Baliabideak eskainiko dira, besteen esperientzietatik modu berriak ikasteko aukera izanen dute gurasoek eta, gainera, saio guztiak aditu batek gidatuko ditu.Horrek guztiak komunikazio ahalmenean eragin zuzena izanen duela diote Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik. Gainera, haur eta nerabe garaiko behar eta garapenaren berri ezagutzeko aukera ere izanen dute gurasoekBileraInteresatuak hilaren 27an, 15:00etan, Altsasuko Kangu udal ludotekan eginen den bilerara joatera gonbidatuta daude. Bildutakoek hilabetean behin elkartzeko ordua eta eguna erabakiko dute. Informazio gehiago behar izanez gero, 948 467 662 (Maria) hots egin.