Musika taldeak denboraldi berrirako prest

Guaixe 2012ko urtarrilaren 25a

Urtea hastearekin batera, Sakanako musika taldeak denboraldi berria prestatzen hasi dira. Hori iragarri du, adibidez, Tximeleta taldeak. Etxarriko plaza taldea 2000 urtean sortu zen. Ordutik hainbat txokotan ibili dira, herriz herri, plazaz plaza. Esperientzia handiko musikariek osatzen dute taldea. Errepertorio zabal eta anitza dute, baina euskal kantak nagusitzen dira. Pop-rock kantak eta rock talde nagusien bertsioak egiten dituzte nagusiki, baina abesti propioak ere badituzte. Bateria, baxua, gitarra, teklatua, trikitixa eta panderoa dira haien armak. Instrumentuei ahots ederrak eta, tarteka txirula eta gaita gehituta, dantzan jartzen dute Euskal Herria. Asmo horrekin jarraitzen dute 2012 urtean. Bestalde, Los del Rayo taldearen berri ere izan dugu. Altsasuarrak Nafarroako talde mitiko izatera iritsi ziren 80ko hamarkadan. Bi lan grabatu zituzten: 1989ko Por la cara eta 1991ko Miedo al miedo. Orain, 20 urte eta gero, indarberriturik itzuli dira eskenatokietara. Urradurarik gabeko kale-rocka egiten dute. Gor kontratazioak etxeak jakinarazi duenez, 2012ko eskaerak egiteko epea irekita dago.