Boluntarioak DYAren defentsan atera dira

Guaixe 2012ko urtarrilaren 27a

Atzokoan Nafarroako DYAko makina bat boluntariok prentsaurrekoa eman zuten, elkartearen defentsan ateratzeko. DYAk urtetan, profesionaltasun eta entrega handiz, Nafarroaren alde eskuzabal lan egin duela nabarmendu zuten. "Gure ustez DYAk Nafarroan egiten duen lanak baliagarria eta beharrezkoa izaten jarraitzen du".  Horregatik, boluntarioek ez dute onartzen "Nafarroako hainbat tokitako hainbeste pertsonen urteetako lana, dedikazioa eta entrega" zalantzan jartzea. Elkartean dauden eta egon diren pertsonekiko halakorik egitea bidegabea izanen litzatekeela uste dute boluntarioek. Atzoko agerraldian DYAko boluntarioek "esan zutenez, lan garrantzitsu horretan gure konpromisoa berretsi nahi dugu", eta ilusio eta gogo handiagoz lanean jarraituko dutela nabarmendu zuten. Haiengan konfiantza izan daitekeela berretsi da. Elkartea laguntzen duten bazkideez ere gogoratu ziren boluntarioak: "milaka nafarren interesik gabeko laguntzarekin da DYA Nafarroako gizarte babeseko elkarte garrantzitsu bat". Laguntzaile guztiei emandako konfiantza eskertu eta, aldi berean, "elkartearen zereginean gardentasun handiena bermatzen diegu". Horregatik, haiengan jarritako konfiantza mantentzeko eta berritzeko eskatu zieten.