Lizarra-Donostia autobus linean aldaketak

Guaixe 2012ko urtarrilaren 30a

Nafarroako Gobernuak Sakanatik pasatzen den Lizarra eta Donostia autobus linearen kontzesioan aldaketak egitea erabaki du. Foru administrazioak autobus zirkulazioak handitu nahi ditu erabaki horrekin. Aldaketa nabarmenena ibilbideari dagokiona da: autobusak gaur egun Lizarraga eta Lizarrustiko portuetan barna egiten du ibilbidea, baina etorkizunean Urbasa eta Etxegaraten barna lotuko ditu Lizarra eta Donostia. Gaur egun ostiral eta igandeetan besterik ez dago zerbitzua. Ibilbideak Nafarroako Gobernuak erabakitakoaren arabera, linea horren kontzesioa hartzen duen enpresak Lizarratik Olaztira arteko bidea egin beharko du. Ondoren, eskaerarik baldin badago, Lizarragara joan beharko du. Etxarri Aranatzen geldialdia egin ondoren, Altsasura joan eta Burundatik Gipuzkoarantz joko dute autobusek. 137 km-ko ibilbidea da. Autobusa larunbatetan ibiliko da: Lizarratik 8:00etan aterako da eta Donostiatik 18:00etan.     Kontzesioaren aldaketan ere aurreikusten da Lizarraga eta Donostia arteko linea, baldin eta Ergoienako herrian eskaerarik balego. Bestela, Etxarri Aranaztik Altsasurantz abiatuko da, 80 km-ko ibilbidea osatzeko. Neguan, lan egunetan, Lizarragatik 6:25ean abiatuko litzateke, eta bueltako autobusa 18:00etan jarriko da martxan. Udan, berriz, 9:00etan abiatuko da Lizarragatik eta buelta garai berean izanen da. Altsasu eta Donostia arteko autobus zerbitzua ere aurreikusten da kontzesio aldaketan, 64,4 km-ko bidea egiteko. Neguan, lan egunetan, autobusak Altsasutik 9:15ean, 12:30ean eta 16:30ean abiatuko dira. Gipuzkoako hiriburutik, berriz, 8:30ean, 10:30ean eta 14:00etan. Larunbat eta jai egunetan zerbitzu bakarra izanen da neguan, 16:30ean Altsasutik ateratzen dena eta Donostiatik 11:00etan. Azken ordutegi hori mantenduko da udan, egunero. GeralekuakLizarra, Larrion, Artabia, Zudairi, Urbasa, Olazti, Lizarraga Ergoiena (eskariaren arabera), Etxarri Aranatz, Altsasu, Idiazabal, Beasain, Ordizia, Itsasondo (saihesbidea), Legorreta (saihesbidea), Alegia (saihesbidea), Tolosa (zirkulazio debekua), Villabona (saihesbidea, zirkulazio debekua), Andoain (saihesbidea, zirkulazio debekua), Lasarte (zirkulazio debekua) eta Donostia. Debekatuta dago Lizarra eta Zudairi artean eta Tolosa eta Donostia artean zirkulazioak egitea.