Plazaolako bide berdeari bultzada emateko, desjabetzeen zain

Guaixe 2012ko urtarrilaren 31

Iruñea eta Donostia lotzen zituen trenbidea bide berde bihurtzeko lanekin aurrera jarraitzen du Plazaola Turismo Partzuergoak. Mugiro eta Leitza arteko 44 km-ak erabilgarri daude. Partzuergoko kudeatzaile Maitena Ezkutarik Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, Irurtzun eta Iruñea arteko zatian lurrak noiz desjabetu zain daude. Madrilen egin den turismo azokan, Fiturren, Ezkutarik Plazaolako bide berdearen egitasmoa aurkeztu zuen hilaren 19an. Aukera Nafarroako Gobernu berriko kideekin harremanetan jartzeko ere baliatu zuen. Izan ere, Irurtzun eta Iruñea arteko trenbide zaharraren ibilbidea berreskuratzeko proiektua gauzatzeko haren beharra dute. Ezkutarik gobernuari inplikazioa eskatu zion eta beharrezko lurrak desjabetzeko prozedura lehenbailehen abiaraztea. Asko ez direla argitu zuen Ezkutarik Beleixe Irratian (FM 107,3). Antza, Nafarroako Gobernuko zein departamenturen ardura den zehaztea omen da gakoa: Lurralde Antolaketa edo Turismoa. Bitartean, bide berdearen zati horretako udalez gaindiko plan sektorialak ezin gauzatu jarraitzen du. Guztira 22 km dira. Ezkutarik Beleixe Irratian (FM 107,3) esan zuen ate joka jarraituko dutela. "Mugituz gero, bizpahiru urtetan Iruñera arteko bidea egina egon daiteke". Imotz eta sareaMugiro eta Irurtzungo trenbide zatia konpontzeko lanak iaz hasi ziren. Aurten lanik handienak eginen dira, guztiz heldu den urtean despeditzeko. 9 km dira eta Larraun ibaia lautan pasatzen du gainetik. Lanek 1,4 milioi euroko aurrekontua dute, Ingurumen Ministerioak ordainduko dituenak. Ezkutarik Beleixe Irratian (FM 107,3) esan zuenez, Plazaolako bide berdea beste batzuekin lotu eta sarea sortzeko asmoa du partzuergoak. "Bidasoako eta Iratiko tren zaharrekin lotzeko proiektuak ditugu". Bestelako bidexkekin batzeko aukera ere ez zuen baztertu. Aldi berean, Ezkutarik bide horiek aisialdiaz gain, komunikabide gisa ere erabil daitezkeela nabarmendu du, "lanera edo ikastetxera bizikletaz joateko, esaterako".