Sakandarrak Ibaialde ikastolaren urtebetetzean

Guaixe 2012ko otsailaren 3a

Lodosa eta Sartagudako Ibaialde ikastolak 25 urte bete ditu eta, ospatzeko, igandean festa ospatuko du Sartagudan. Egitarauan ibarreko kirolariek, musikariek eta boluntarioek parte hartuko dute. Horretaz gain, hainbat sakandarrek igandean Sartagudako bidea hartuko dutela espero da. 11:00etan abiatuko da denetariko eta adin guztietarako ekintzak hartzen dituen egitaraua. Ospakizunak, hala ere, ikastolaren egoera ekonomiko "oso-oso larria" arintzeko balioko du; aurrera jarraitzeko. Izan ere, Ibaialde eremu ez euskaldunean dauden bost ikastoletako bat da. Nafarroako Gobernuak ez ditu aitortzen eta kontzerturik edo inolako laguntzarik ez dute jasotzen. Eusko Jaurlaritzatik edo Madrildik inoiz jaso duten diru-laguntza desagertu egin da eta 78 ikasle hartzen dituen Ibaialde ikastolaren jarraipena zalantzan jarri dute. Sakanako ikastoletan, berriz,1.164,76 euro bildu dira Ibaialde ikastolaren alde. Gainontzeko ikastoletan bezala, Andra Mari, Iñigo Aritza eta Txioka ikastoletako ikasleek marrazki bana egin eta ikastetxe bakoitzak euro bat eman du matrikulatuta dagoen ikasle bakoitzeko, eta milatik gora euro bildu dute. Horretaz gain, ibarreko hiru ikastoletatik sakandarrek igandeko Sartagudako ospakizunean parte hartzeko gonbitea luzatu dute. Elkartasun kontua3035 0153 46 1531026051