Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur egun etxebizitza lortzeko dagoen arazoa orain dela ehun urte ere bazegoen. Ez zen prezioen igoeragatik, etxe faltagatik baizik.Etxeen gabezia arintzea helburu zuen 1911ko Etxebizitza Merkeen legeak eragin handia izan zuen Euskal Herrian, batez ere Bizkaian. Legea baliatuz, asko izan ziren gurean eraiki ziren mota horretako etxeak. Modu bitara egin zituzten: blokeak eta familiabakarreko etxebizitzak. Azken horiek ugariagoak izan ziren gurean. Gerra ostean, jakinda baliabide ekonomikorik, materialik eta eskulan espezializaturik ez zegoela, eraiki, berreraiki eta behar sozialei erantzuna eman behar zitzaien. Horregatik, patronatua sortu zen. Proiektua eta eraikitzeko beharrezkoak ziren materialak (adreilua, zementua, egurra) berak eman eta, udalek lurzorua utziz, herritarrek eraiki zituzten etxeak. Domingo Ariz Armendariz arkitektoak egin zuen Etxarri Aranazko etxe-multzoaren diseinua. Auzo berri bat sortu zen herri-zentrotik kanpo, 1951. urtean hasi eta 54an bukatuz. Denera hogeita hamar etxe adosatu eraiki ziren: ilara bat Bureina kalean eta bestea Zugarreta etorbidean. Azken horretan, eginda zegoen errepidea aprobetxatu zen. Pisua beharrei erantzuteko pentsaturik zegoen; murriztua, funtzionala (argi naturala, aireztapena, instalazioak, familia kopurua) eta arrazionala izaten zen, kostuari asko begiratu behar zitzaion eta. Etxe barruko banaketan ez zen mugimendu estilistikorik jarraitzen;fatxadan, aldiz, bai.Beheko solairua simetrikoki banaturik zegoen. Alde batetik, komuna, sukaldea (garai horretan aurrera pauso handia izan zen higiene aldetik) eta egongela eta, bestetik, hiru gela. Fatxada frontalean euskal arkitekturan inspiraturiko estiloa ikusi daiteke, baserriaren irudia, alegia, bi isuriko estalkia eta goiko partean egurrezko oholak imitatuz. Simetrikoa da eta, itxuraz, baxua..Etxe bakoitzak lursail zati bat du eta hasieran familiaren kontsumorako produktuak ematen zituen baratzea izaten zen. Bestalde, Zugarreta kalean daudenek aurreko aldean lorategia daukate; errepide eta etxearen artean sakabanatze bat egon zedin egin zen.Neurri batean, garai hartako gizartearen barneko erosotasun, oparotasun eta adostasun irudia eman nahi zen Euskal Herriko etxe merkeen bitartez.Erta Elizondo Arruabarrena