Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ondareak eta haien balio historiko-artistikoa ezagutzea da haiek zaintzeko lehen urratsa. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak liburura eraman ditu herrialdeko arte erromanikoko harri bitxiak. Zehazki, Nafarroan Interes Kulturaleko Ondare izendatutako 41 monumentuak bildu ditu gida pedagogikoan. Haien artean daude Aralarko San Migel santutegia eta Uharte Arakilgo Zamartze monasterioa. Bienes de Interés Cultural (BIC) de Navarra. Románico gidak helburu pedagogikoa du. Horregatik, hizkera argiz egina dago eta argazki ederrek informazioa barneratzen laguntzen dute. Bisita bat egiteko oinarrizko informazioa ematen du, monumentu bakoitzaren ezaugarri interesgarrienak azpimarratuz. Vianako Printzea erakundearen laguntzaz egindako zaharberritze lanak ere aipatzen dira. Liburuak XI, XII eta XIII. mendetara bidaiatzeko aukera ematen digu. Bidaia horretan Sakanako bi harribitxi aurkituko ditugu: Aralarko San Migel santutegia eta Uharte Arakilgo Zamartze monasterioa. Nafarroako Gobernuak liburuaren 2.000 ale argitaratu ditu. Gobernuaren Argitalpen Funtsean (Iruñeko Navas de Tolosa kalean) eta liburu dendetan daude salgai, 12 eurotan.Aralarko San MigelAralar mendian, Sakanara begira dagoen santutegiaren jatorria kondairekin lotuta dago, baina datu zehatz gutxi dago. Lehen dokumentazioa XI. mendekoa da, eraikin aurre-erromanikoari alboko kapilak gehitu zitzaizkionekoa. Eraikin erromanikoa 1074an amaitu zen. Barruko kapera, berriz, XII. mendekoa da. Dohaintzei esker gero eta indar handiagoa hartuko du.Santutegiak hiru nabe ditu, albokoak oso estuak. Nabeak hiru abside erdizirkularretan amaitzen dira. Baina erdikoa kanpoko aldetik poligonala da. Erdiko nabean barruko kapera dago, soiltasun handiena duena. Santutegiko harribitxiak erretaula erromanikoa, Europako esmalte interesgarrienetakoa, eta San Migelen irudia dira. Aralarko San Migel santutegia 1931n izendatu zuten Interes Kulturaleko Ondasun. 70eko eta 90eko hamarkadan zenbait zaharberritze lan egin dira. Bestalde, 1991tik bertan dago esmaltea, 1979an Erik belgikarrak ostu zuena. ZamartzeAralarko mendiaren magalean, Uharte Arakilen dago Zamartze eliza. X. eta XII. arteko monasterioaren azken aztarna da. Hasieran haren menpe zegoen Aralarko santutegia, baina San Migelendako dohaintza kopurua igotzearekin batera, XII. mendean bere bidea hartuko du. Orduan hasiko da Zamartzeren beherakada.Elizak nabe bakarra du, abside erdizirkularrekoa. Barruko dekorazioa oso sinplea da. Kanpoko portada, berriz, ederra da. Erdi-puntuko hiru arku ditu, xakeztatuz eta landare-irudiz apainduak. Kapitelek landa-eremuan ez-ohikoa den kalitate teknikoa dute. Esteban Maisuaren eskolakoak dira. Eliza Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuten 1983an. 2001etik 2006ra berritu zuten. Arte ErromanikoaErromaniko izena hartzen du XI. mendetik aurrera landu zen estilo arkitektonikoak. Haren ezaugarri nagusia soiltasuna da. Benediktarren Clunyko monasterioan sortu zen X. mendearen hasieran, eta geldi-geldi mendebaldeko zenbait monasteriotara zabaldu zen. Konpostelako Santiago eta Erroma bidea egiten ari ziren erromesek zabalkunde horretan lagundu zuten.