Gaurtik Beleixe Irratia (FM 107,3) mundu guztian entzun daiteke, web bidezko emanaldiak hasi baititu. Sakanako irrati euskalduna www.guaixe.net atariaren bidez zabaltzen hasi da bere edukiak. Diasporako sakandarrek eta mundu guztiko entzuleek dute orain ibarreko saioak entzuteko aukera. Bierrik Fundazioko kudeatzaile Ainhoa Urretagoiena Arruabarrenak azaldu duenez, fundazioa hausnarketa prozesu batean dago. "Etorkizunean tokiko komunikabideek garrantzia izanen dutela garbi ikusten dugu, beharrezkoak izaten jarraituko dute. Hurrengo urteetako lana eta eskaintza garai berrietara egokitu beharko ditugu". Kudeatzaileak aitortu digunez, "murrizketengatik web-gune multimedia baten proiektua paralizatu behar izan dugu". Hala ere, Bierrik Fundazioak garai berriek eskatzen duenera egokitzea erabaki duela azaldu digu. "www.guaixe.net web-guneak aurten bost urte beteko ditu eta, zailtasunak zailtasun, bertan berebiziko aldaketa batzuk txertatzea erabaki dugu". Urretagaienak esan digunez, Bierrik Fundazioaren asmoa da web-guneak komunikabide gisa duen potentziala garatzea eta aurrerapausoak ematea. Aurrera begiraAipatu aldaketetan aurrena da Beleixe Irratia (FM 107,3) on-line entzuteko aukera eskaintzea. Urretagoienak aurreratu duenez, "etorkizunerako irrati-saioak nahieran entzuteko aukera eskainiko dugu, baita informazio gehigarria eskaini ere. Gure nahia entzule guztien beharrei erantzutea litzateke".Fundazioko kudeatzaileak erakundearen hausnarketaren inguruan esan digu web-gunea eguneratzea ezinbestekoa dela, "teknologia berrietan ematen diren aldaketak ikaragarriak baitira. Gainera, Internetek gure bizimoduan duen eragina izugarria da". Horregatik, etorkizunean www.guaixe.net orrian testuaz gain, irudia, soinua eta mugimendua txertatuko dira, erabiltzaileen parte hartzea sustatzearekin batera.Sakanako euskarazko informazio atarian aurreko urteetan ere izan dira aldaketak: Euskal Herriko www.iragarkilaburrak.com proiektuko kide da. Berria egunkariko Internet-eko atean RSS bidezko jarioan agertzen gara eta sare sozialetan presentzia du: Twitterren eta Facebooken 13 urte1999ko maiatzaren 3an hasi zen emititzen Beleixe Irratia (FM 107,3).1.000 bisitaDitu egunero www.guaixe.net atariak.