Atxikimendu bila dabil Nafarroa Bizirik

Guaixe 2012ko otsailaren 9a

1512-2012 Nafarroa Bizirik taldeak indar guztiak batu nahi ditu agerian uzteko orain 500 urte gertatutakoa ez zela anexioa izan militarki garaitutako konkista baizik. Hori dela eta, indar guztiak batzeko asmoz, norbanakoen eta alderdi politikoen atxikimenduak jasotzen ari dira, eta herriz herri 5. urteurreneko ospakizunak antolatzeko batzordeak bultzatu nahi dituzte. Ekainaren 16an ekitaldi nazionala deitu dute gogorazteko "1512az geroztik Nafarroako gizarteak ez duela bere soberaniaren gaineko askatasunik".Nafarroako goi instituzioek defendatzen duten "berdinen arteko paktuaren idea" baztertzen du kolektiboak. Eta bertsio ofizialaren aurrean indar gehiago izateko asmoz, idatzitako manifestuarekin bat egiten duten atxikimendu kanpainari ekin diote. Orain arte milaka pertsonek bat egin dute manifestuarekin, ehunen bat udalerrik ere bai.Hainbat herri eta auzotan batzordeak osatu dira urteurreneko oroitzapenaren erronkei aurre egiteko. Beraz, interesa duten guztiek antolatzaileekin jar daitezke harremanetan, "kontzientziak pizteko" hitzaldiak eta ekintza kulturalak antolatzeko.1512ko konkistaEspainiar armada, Albako Dukearen agintepean, su eta gar sartu zen eta Luis Correak idatzitako konkistaren gaineko historian Villalva Koronelaren hitzetan jarria da armada inbaditzaileak erabili zuen basakeria: "herriak erre ziren, ehunka nafarrek alde egin zuen, emakumeak bortxatu zituzten, ondasunak konfiskatu zituzten, erbesteratzeak izan ziren, exekuzioak ...". Gazteluak suntsitu ziren, nafarrentzat bakarrik izan zitezkeen karguetan espainolak sartu ziren. Herriek okupazio-armadaren gastuak ordaintzen zituzten "gerra gastuak" bailiran. Okupazio militarrak 100 urte iraun zuen, eta gaur arte luzatu da.