Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Carmen Jusuék Nafarroan Santiago apostoluarekin lotutako kultur-adierazpenei eta ikonografiari buruzko azterketa sakona egin du. Bilketaren emaitzak Santiago en Navarra. Imagen, memoria y patrimonio liburuan bildu ditu. Bertan Sakanako zenbait datu daude. Nafarroako Gobernuak kaleratu du 285 orriko azterlan sakona. 1.000 ale argitaratu ditu. Salgai daude gobernuaren argitalpen funtsean eta liburu dendetan, 20 euroan.Santiago bideanGarai batean esaten zen bide guztiek eramaten dutela Santiagora. Italia, Germania edo Eskandinaviako mugetatik Finesterreraino, Europa guztia zeharkatzen zuen bide sarea zegoen. Historian doktore den Carmen Jusuek dioenez, "Santiago bidea debozio-bide bat zen, baina baita ondasun, sentimendu, jakintza, uste sendo eta ametsen bidea ere". Bide horrek arrastoa utzi zuen Nafarroa osoan. "Gertaera erlijioso moduan hasi zena, ekarpen demografiko, kultural, ekonomiko edo artistiko oparoen eramaile bihurtu zen". Sakanan ere arrastoa utzi zuen. EdukiaLiburuko lehen kapituluan Santiago apostoluari egindako debozio-adierazpenak aztertzen dira. Baita horri lotutako beste alderdi batzuk ere: onomastika, erretaulak, erlikiak, ospakizunak, kofradiak... Bigarren atalean santuaren ikonografiaren jarraipena egiten da, estilo eta garai ezberdinak aztertuz. Erliebe, kapitel, eskultura eta pinturak aipatzen ditu. Hirugarren eta azken kapitulua Santiago irudian. Ondarea, deitura eta ikurrak da. Bertan, Nafarroako Santiago bideari lotutako guztia biltzen da. Sakanako zenbait datu ageri dira.Sakanako aipamenakLiburuak Sakanan Santiago apostoluari eskainitako zenbait eliza, baseliza, aldare eta irudiren berri ematen du: Etxeberrin, Santiago eta Santa Ana ermita (desagertuta); Egiarretan, Santa Maria parrokiako irudi gotikoa (XV. mendea), Itxasperriko Santiago baseliza erromanikoa (XIII. mendea) eta bertan dagoen irudia (XX. mendea); Bakaikun, San Juan Bautista parrokiako erretauletako irudiak (errenazentista XVI. mendekoa eta rokokoa XVIII. mendekoa), eta Santiago baseliza (gaur egungoa XIX. mendekoa) eta bertako erretaula barrokoa (XVIII. mendea); Lizarragan, San Clemente parrokiako portadako irudi errenazentista (XVI. mendea); Unanun, San Pedro parrokian presbiterioko erretaula rokokoko irudia (XVIII. mendea); Irurtzunen, Lekunberri bidean, Santiago eta Santa Ana ermita (desagertuta); Uharte Arakilen Zamartzeko Santa Maria elizako presbiterioko irudia (XVIII. mende hasiera); Urbasako jauregiko basilikako taila (XVII. mendea).