IturmendiAurten 3 kinto daude Iturmendin Ander Gabirondo, Garbiñe Lopez eta Maider Gabirondo. Hala ere, 16 eta 17 urtetakoak ere kintoekin batera elkartuko dira, baita kintozahar eta "beti kintoak" ere.Ospakizunak gaur gauean hasiko dira. Guztiak batera afaria izango dute elkartean. Afaldu ondoren, pasa den urtean bezala, aurten ere DJ Sergei egotea espero dute giro animatzen. Bihar goizean gosaria izango da elkartean, eta etxez etxe trikitilarien laguntzarekin diru eskean ibiliko dira. Bonbo bat ere izaten dute Iturmendin kintoek, baina pasa den urtean hautsi egin zen eta zalantza daukate aurten atera ahalko duten. Bazkaria herriko elkartean egiten dute eta afaria berriz Altsasun, bertan parranda egiteko.AltsasuAltsasuko kintoak pasa den asteburua hasi ziren Santa Ageda festa ospatzen. Horrela larunbatean hasi eta astearteraino eskean, dantzan eta jai giroan pasa dituzten egunak. Asteazkena eta osteguna atseden egunak izan ziren altsasuarrendako. Gaur atzera, ere azken kartutxoak erretzeko aukera izango dute. Gaurkoa egun berezia izango da beraiendako, pasa den urtean istripuz hil zen Garazi Garasari omenaldi xume baina hunkigarria egingo baitiote kintoek. Bihar azken eguna izanik, bazkaldu ondoren arratsaldean herriko plazan kinto guztiek Altsasuko zortzikoa dantzatuko dute Santa Ageda festeei bukaera emanez.ZiordiaAurten 8 edo 9 kinto dira, kinto, kinto-gazte eta kinto-zaharren artean. Kinto-gazteak Irati Flores, Jaione Calvo eta Miren Cristobal dira eta kintoak Mikel Barandalla eta Ane eta kinto zaharrak June Alzelai eta Imanol Urra.Gaur mahai inguruan elkartuko dira gazteak tripa bete eta arratsaldean herrian zehar trikitixaren laguntzarekin eskean aritzeko. Bihar goizean atzera ere elkartu eta etxez etxe eskean ibiliko dira herrikoei ardoa banatuz. Herriari buelta eman ondoren, bazkaltzera joango dira eta gauean Altsasu aldera joango dira kintoak parranda egiteko.Santa Ageda ez bakarrik kintoendakoAurtengo kintoetaz aparte, kintada asko ere asteburu honetan mahai inguruan elkartuko dira lagun artean egun polita pasatzeko intentzioekin. Horrela, bihar urdindarrak euren kintoekin bazkaltzera joango dira. Ondoren gauean jai giroan jarraitzeko Kaluxan DJ Xeibor eta Mareon Migel Angel gizon orkestra izango dute ordu txikietaraino. Bakaikuarrek, altsasuarrek eta ziordiarrek ere asteburu honetan ospatuko dituzte kintadak.