Azken sakandarrak lehiara

Guaixe 2012ko otsailaren 10a

Asteburutik asteburura Nafarroako taldekako bertso txapelketako saioak ugaltzen ari dira. Joan zen asteburuan lau bertso saio izan baziren, asteburu honek zazpi bertso emanaldi ekarriko ditu. Beran, Barañainen, Txantrean, Intzan, Anitzen, Leitzan eta Iruñean jokatuko dira. Berako saioan, lehian sartuko da Joxema Leitza. Arbizuarrak Leitzako lagunekin batera osatu du taldea: Mikel Azpiroz eta Jose Luis Barberia Zili bertsolariekin, Koldo Leitza gai-jartzailearekin eta Aitzol Eizmendi ordezkariarekin. Gaur, 20:00etan, indarrak neurtuko dituzte Barañain-Antsoaingo taldeko Ander Baiano, Mikel Lasarte eta Saioa Alkaiza bertsolariekin, Ainara Ieregi eta Sarai Robles gai-jartzaile eta aurkezlearekin eta Hodei Olite eta Lorea Luzea ordezkariekin. Barañaingo Haize elkartean dute hitzordua. Bertsoez gozatzeaz gain, merendu-afaria dastatzeko aukera izanen da.Lehian sartzen azken sakandarrak Mailope taldean dauden Mikel Lasarte eta Mikel Iriarte izanen dira. Lehenengoa gai-jartzaile lanetan ariko da eta bigarrena ordezkari gisa. Taldea Oskar Estanga, Aritz Saragueta eta Migel Angel Ortiz de Guzman bertsolariek osatuko dute. Lesakako Iñigo Olaetxea, Estitxu Fernandez eta Eneko Fernandez bertsolariak izanen dituzte aurrez aurre. Intzako herri ostatuan lehiatuko dira, domekan. 14:00etan bazkaria dute eta ondoren bertso-saioa. Lekua dagoela jakinarazi dute (eman izena mailope-bardoak@euskalerria.org helbidean).Taldekako bertso ekimenaren giro informala agerikoa izanen da asteburuko saioetan. Batetik, elkarte giroan eginen direlako, merendu eta bazkariez lagunduta. Eta bestetik, ariketen berezitasunagatik. Orain arteko bertso saioak ikusita, aurreikusi dezakegu mozorroak, musika eta umore ona ez direla faltako. Oier eta Haizea bigarren aukeraren zainHautsi eta barratu taldeko Oier Lakuntza eta Haizea Beruete sakandarrek Elizondorako bidea hartu zuten larunbatean. Arkaitz Goikoetxea bertsolariarekin batera, indarrak neurtu zituzten Lepanatatuek taldearekin. Baztandarrek azken orduko aldaketa egin behar izan zuten: Jon Baberenak ezin izan zuen aritu, eta haren lekua Julen Zelaietak hartu zuen. Beratarra, Oier Amiano eta Xabier Maia mozorro eta guzti igo ziren eszenatokira. Baztandarrek ikusleak eta epaileak konkistatu zituzten, eta haiendako izan zen puntua. Bertso saioan giro ona nagusitu zen. Oier Lakuntzaren eta Haizea Berueteren taldeak bigarren aukera izanen du heldu den asteburuan. Hilaren 18an, Uitzin, Betze maldikoak taldeko Ainhoa Aranburu, Aimar Karrika eta Oskar Sanz de Acedorekin neurtuko dituzte indarrak.www.bardoak.comJarraitu Nafarroako taldekako bertso ekimena web orrian.